Berriro eskuratu daiteke Renfeko C-3 linea doan baliatzea ahalbidetzen duen abonua. Zehazki, urtarrilaren 30etik egin daiteke hori, estatuaren buletin ofizilean behin argitaratuta. Halaber, maiatzean eta ekainean ere erabili ahalko da, oraingoak apirilera arte balio baitu.
Abonuak erosteko Renferen aplikaziora edo webgunera jo daiteke. Halaber, tren geltokietan dauden makinetan ere egin daiteke operazioa. Berez, 10 euro balio dute, baina 16 bidaia egin ondoren, garraio enpresa publikoak itzultzen du diru kopurua.
Astebetez (urtarrilaren 23tik, alegia) abonua lortzea ezinezkoa izan da, PP, Vox eta Junts alderdiek Omnibus dekretuaren aurka egin eta atzera bota zutelako. Tarte horretan 2022ko tarifak indarrean egon dira abonurik ez zutenentzat.
Dekretuaren barruan hainbat neurri zeuden (pentsioen eguneratzea, Valentziako uholdeen biktimen aldeko laguntzak...) eta pasa den astean PPk eta Juntsek iritzia aldatu eta ahalbidetu zuten aurrera egitea.
Gogoratu beharra dago 2022ko inflazioaren ondorioz, Espainiako Gobernuak doako abonuak sortu zituela aldirietan eta distantzia ertaineko zerbitzuetan.