Arabako Txakolinak Pinot Noir eta Cabernet Franc mahats barietateak gehitu ahalko ditu ekoizpenera

Maider Ramirez Martin 2025eko otsailaren 7a

Hondarribi Zuri eta Hondarribi Beltz barietateak dira Aiaraldeko txakolindegietan nagusi. / Aiaraldea.eus

Jatorrizko Izendapenaren araudia berrikusi dute klima-aldaketak eragindako ondorioei zein merkatuaren beharrei erantzuteko asmoz.

Arabako Txakolina Jatorri Izendapena osatzen duten zortzi upategiek beste bi mahats barietate baliatu ahalko dituzte orain ekoizpenean: Pinot Noir eta Cabernet Franc. Araudiaren baldintzen plegua berrikusi dute horretarako, egokitzea eta eguneratzea beharrezkoa zela iritzita.

Hala adierazi dio Mariano Alava Arabako Txakolinako presidenteak Aiaraldea Komunikabideari, eta azaldu du bi barietate horiek gehitzeak ez duela esan nahi hemendik aurrera ekoizpenean ezinbestean erabiliko direnik, baizik eta horretarako aukera zabalik dutela orain txakolindegiek.

Izan ere, azken urteetako klima-aldaketak eragin zuzena izan du Arabako Txakolinaren uztetan, mahastien ziklo-begetatiboa aztoratu duelako. Hortaz, beste baldintza batzuetan ondo erantzuten duten barietate gehiagori irekia egoteak lasaitasuna dakarkie ekoizleei. Gainera, merkatuaren eskari posibleei erantzuteko aukera ere emango die.

Dena den, ez dugu ahaztu behar Hondarribi Zuri eta Hondarribi Beltz mahats barietateak direla Aiaraldeko txakolindegietan nagusi, eta ardoaren %80 osatu behar dutela gutxienez, eta ekoizleren batek barietate hauek txertatu nahi izanez gero, gainontzeko %20 horren baitan egin beharko lukeela.

Alavak azaldu duenez, "Jatorrizko Izendapenaren araudian edozein aldaketa gehitzea beti da prozesu nekeza". Duela urtebete hasi ziren pleguaren gaineko aldaketak proposatzen, baina hainbat dira igaro beharreko galbaheak: "Eusko Jaurlaritza, Madril, Bruselas... Hainbat agentek eman behar dute onarpena, alegaziorik egin gabe, egokitzapenekin aurrera egin ahal izateko".  Nolanahi ere, baikor agertu da presidentea, eta moldaketek aurrera egingo dutela ziur dago, "oso zuhurrak" izan baitira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide