Zaraobe gainan kokatu nahi duten Igebelar zentral fotovoltaikoari oniritzia eman dio Eusko Jaurlaritzak

Aitor Aspuru Saez 2025eko otsailaren 12a

Zaraobeko gainaren parean kokatu nahi dute zentrala. / Aiaraldeko Mendiak Bizirik

Amurrion eraiki nahi dute 3,83 hektareako zentral energetikoa eta Jaurlaritzak onartu du paisaiaren aldetik eragina izango duela Zaraobeko gainatik ikusita.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak atzo jakinarazi zuen Igebelar zentral fotovoltaikoak Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren oniritzia duela ingurumen inpaktuei dagokienez, eta lau urte dituela enpresak proiektua egikaritzeko.

Berez, Igebelar egitasmoa Amurrio eta Aiara artean kokatu du Ventaja Solar 8 enpresak, Zaraobeko gainaren inguruetan, hain zuzen. 3,83 hektarea okupatuko lituzke eta 4.377,52 MWh/urteko ekoizteko asmoa dute. 6.692 eguzki plaka instalatu nahi dituzte horretarako.

Proiektuari baiezkoa eman arren, Jaurlaritzak zenbait baldintza ezarri dizkio enpresari eta aitortu du eraginak izango lituzkeela proiektuaren eraikuntzak: "Zarobe gaineko paisaian eragin negatiboa izan dezake, tokiko interes historiko eta kulturaleko zonaldea baita". Instalazioaren ikuspena minimizatzeko, dokumentazioaren aurreikuspenen arabera, espezie autoktonoz osatutako landare-pantaila bat jarriko da A-624 errepidetik hurbilen dagoen eremuan.

Proiektuari baiezkoa eman arren, Jaurlaritzak zenbait baldintza ezarri dizkio enpresari eta aitortu du eraginak izango lituzkeela proiektuaren eraikuntzak.

Hori ez da Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak argitaratutako dokumentuak jasotako datu deigarri bakarra. Izan ere, honakoa ere onartzen du: "instalazio fotovoltaikoetarako EAEko lurraldearen zonifikazioari dagokionez, sentsibilitate txikiko eremutzat kalifikatuta dago proiektua".

Hau da, eguzkiak ez duenez bereziki jotzen eremu horretan, printzipioz, Jaurlaritzak berak ez du kokapen hori sartu Energia Berriztagarrien Sektore Planaren barruan.

Proiektuak aurrera egiteko baldintza gehiago

Aipatu beharra dago proiektuak aurrera egin dezan, hirigintzaren aldetik ere oniritzia jaso behar duela Amurrio zein Aiarako Udalen aldetik. Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak azaldu du jarduera baimena eman behar diotela Udalek enpresari eta hori gabe ezin dituela lanak abiatu.

Talde berak azpimarratu duen beste puntu bat da azpiegitura eta sare elektrikoaren lotura ez dagoela proiektuaren barruan eta, antza, Iberdrolak egingo duela aparte. Aiaraldeko Mendiak Biziriken aburuz, hori garrantzitsua da, eta ingurumen inpaktu txostena ere beharko lukeela uste dute.

Krabelin Solar eta Igebelar, enpresa bera atzean

Pasa den astean Aiarak beste zentral fotovoltaiko bati alegazioak jartzeko deia egin zuen (Krabelin Solar) eta bi enpresek bultzatzaile bera daukate: Enerparc multinazionala.

Krabelin Solar sustatzeko baliatutako konpainiaren izena Ventaja Solar 13 da eta Igebelar zein Gasteizen aurreikusitako beste proiektu bat, 10.452 panelekoa, Ventaja Solar 8 izeneko sozietatearekin bultzatzen ari dira.

Berez, Enerparc Energía Solar, Ventaja Solar 8 eta Ventaja Solar 13 enpresek leku berean dute egoitza, Pozuelo de Alarconen, Madrilen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide