Amurrion, jende ugari bildu zuen Emakumeon* Sareak deitutako manifestazioak, eta "joera erreakzionarioen aurrean aliantzak egitearen garrantzia" azpimarratu zuten.
Laudion ere mobilizatzera deitu zuen Mugimendu Feministak eta ehunka lagunek parte hartu zuten eguerdi aldera kaleak hartu zituen manifestazioan, batukada-doinuek lagunduta.
Okondon zein Aiaran elkarretaratzeak egin zituzten, eta adin eta kolore politiko anitzeko herritarrek jo zuten hitzordura.
Urduñan, dantza eginez hasi zuten eguna, Izaskun Del Cerrok gidatutako zunba saioan. Ondoren, elkarretaratzea egin zuten Foru plazaren erdian.
Artziniegan, aniztasuna aldarrikatzeko ere baliatu zuten atzoko eguna. Manifestua irakurri ostean, Ramadanaren izaerari buruz solasaldia egin zuten, Artziniegan bizi diren emakume magrebtarrekin.
Orozkon, eguerditik arratsaldera arte egin zituzten ekintzak. Manifestuaren irakurketarekin eta batukadarekin hasi ziren, arratsaldean kalejirarekin amaitzeko.