Ferosca I zentral eolikoaren kontrako alegazioak aurkeztu dituztela azaldu dute Aiarako eta Laudioko Udalek. Azken tokiko erakunde horrek prentsa oharra zabaldu du argitzeko txostenak argi jasotzen duela proiektua ez dela bateragarria udal-plangintzarekin.
Halaber, Laudioko Udalak uste du Energia Berriztagarrien Lurraldearen Arloko Planaren (LAP) berreskuratze-printzipioek balio beharko luketela Laudioko eremu hau babesteko.
Horrela, tokiko erakundeak azpimarratu du Onura Publikoko Mendi batean kokatutako udal jabetzei eta landaketei eragiten diela Ferosca I proiektuak eta, ondorioz, ezin dela egikaritu.
Gogoratu beharra dago Ferosca I proiektuak 200 metroko eta 4,5 MW-ko sei aerosorgailu eraikitzea aurreikusten duela eta inguruetan horrelako azpiegitura gehiago instalatu nahi dituztela: Ferosca II, Larragorri eta Las Americas 20.
Aiarako Udala eta hamaika administrazio batzar
Aiarako Udalak ere alegazioak prestatu eta aurkeztu ditu. Gainera, udalerriko hamaika Administrazio Batzarrek ere babestu dute txostena.
Udal ordezkariak ez dira batere pozik agertu Eusko Jaurlaritzarekin alegazioak aurkezteko luzapena onartu arren. "Beranduenez martxoaren 19an aurkeztu behar genituen alegazioak, eta martxoaren 13ko eguerdira arte ez ziguten komunikatu luzapena emango zigutela. Hortaz, egun horretarako bukatuta genuen lana", aipatu du Karmele Poblacion zinegotziak.
1.057 alegazio Laudion
Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataforma izan da alegazioak gehien sustatu dituen eragilea eta, bertako kideek jakinarazi dutenez, Laudion 1.057 erregistratu ditu Udalak.
Kolektiboak azpimarratu du beste modu batzuetan erregistratu diren alegazioak falta direla zenbaketa horretan eta modu positiboan baloratu dute herritarren babesa. Iaz ere Ferosca I proiektuaren kontrako 1.000 sinadura baino gehiago bildu zituzten.
Bide batez, Aiaraldeko Mendiak Bizirikek gogoratu du larunbat honetan mobilizazioa egongo dela Gasteizen energia berriztagarrien makroproiektuen aurka.