Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak mezua zabaldu du gogoratzeko 'Mendi' zentral eolikoaren kontrako alegazioak aurkezteko epea ekainaren 16an (hau da, astelenean) agortuko dela. Taldeak azpimarratu du Aspaltza (Peña Negra) inguruan eragina izango duela zazpi aerosorgailuko proiektuak, eta nabarmendu du Luiaondoko eta Orozkoko etxebizitza batzuetan ere kalteak sortuko dituela.
Halaber, kolektiboak kritikatu du Ingurumen Inpaktuaren Txostenak ez duela aldagai ugari aztertu: zarata, aerosorgailuetatik bi kilometroko distantziara bizi direnen osasuna, landa-udalerrietako ekonomian izan ditzakeen eraginak, datu meteorologiko fidagarrien eza, hirigintza- eta ingurumen-araudiak ez betetzea...
Horregatik guztiagatik, alegazioak prestatu ditu plataformak eta herritarrak animatu ditu, sinatu eta aurkeztu ditzaten. Hemen deskarga daiteke dokumentua.
Amurrion ere puntu fisikoak egon dira eta daude alegazioak sinatzeko: Mendiko Lagunaken egoitza, Garoa liburudenda eta Okeluri jatetxea (Berganza).
Orozkon ere eragina
Aiaraldeko Mendiak Bizirik taldeak gogor salatu duen egoera bat da 'Mendi'-k eragina duela Bizkaian, baina Foru Aldundiak ez duela ezer argitaratu horri buruz. "Orozkoko 300 hektareatan sartzen da zentrala, Katadio eta Urrejola auzunetan, eta Aldundiak ez du ezer ohartarazi bere aldizkari ofizialean. Horrek ezinegona sortu du auzokideen artean", ziurtatu du plataformak.
Bide batez, taldeak azpimarratu du akats hori ez dela gertatu bakarrik 'Mendi' zentral eolikoarekin: "Arabako Foru Aldundiak agindu die Laudio eta Amurrioko Udalei erabakitzeko zeinek izapidetuko duen Ferosca I zentralaren plan berezia, baina Okondon ere eragina dauka egitasmo horrek. Aldundiek ez dute azaldu zergatik utzi dituzten Okondo eta Orozko prozesu hauetatik kanpo".