C-3 lineako tren zerbitzuaren arazoak bueltan dira berriro, udako ordutegia ezarri zenetik. Atzerapen txikiak ohikoak bilakatu dira ia edozein unean eta matxurak ere agertu dira.
Esaterako, gaur goizean 20 minutuko atzerapenak sortu dira Bilbo eta Urduña lotzen duen tren zerbitzuan eta, gainera, trena Amurrion gelditu da, ibilbidea amaitu ordez.
Aiaraldea Komunikabidea Renfeko iturri sindikalekin jarri da harremanetan eta hauek adierazi diote Laudioko geltokiko orratz batean jazo dela matxura.
Edonola ere, gaurko gertakariari gehitu behar zaizkio beste bi errealitate. Alde batetik, ekainean indarrean sartu zen udako ordutegiak tren kopurua nabarmen murriztu zuen.
Bestetik, Basauriko geltokian egiten ari diren obrek eragin dute Arrigorriagatik Ollarganeraino burdinbide bakarra egotea erabilgarri. Horren ondorioz, edozein gertakarik izugarri zailtzen du logistika eta atzerapenak biderkatzen dira.
Gogoratu beharra dago ekainaren 18an Renfek inolako jakinarazpenik gabe jarri zituela autobusak Bilbo eta Arrigorriaga lotzeko eta horrek anabasa ekarri ziela bidaiariei.