Atzo bezala, gaurko eguna modu kaotikoan hasi da Renfeko C-3 linean. Enpresa publikoak zabaldu duenez bozgorailuen bidez goizeko lehen orduetan, Abiadura Handiko Tren batek matxura izan du eta trenbidea oztopatu du hainbat orduz. Horrez gain, azpiegituran ere arazo bat dago. Basauriko geltokian egiten ari diren lanen ondorioz, tarte horretan burdinbide bat baino ez dago erabilgarri eta matxuratutako unitateak blokeatu du trafikoa.
Horren ondorioz, jende askok Arrigorriagan edota Basaurin eten behar izan du bidaia goizeko lehen orduetan, eta Abando eta Arrigorriaga arteko geltokiak autobus bidez egitea eskaini du enpresa publikoak eguerdira arte. Abandotik bi autobus mota atera dira: batzuk Abando eta Arrigorriaga arteko geltoki guztietatik joan dira eta beste batzuk Arrigorriagara jotzen zuten zuzenean.
Bidaiari guztiak garraiatzeko arazoak
Trena hartu behar izan dutenek aintzat hartu behar izan dute autobusek mugitu ahal duten bidaiarien kopurua eta trenek garraiatzen dutena ez dela bera. Ondorioz, jende ugari pilatu da goizean autobus geltokian eta ibilbidea izugarri luzatu da aiaraldear askorentzat. Herritar batek adierazi dio komunikabideari 08:00etan hartu duela trena Laudion eta 10:00ak arte ez dela heldu Bilbora.
Berez, 08:20ak aldera Renfek berak mezua zabaldu du jakinarazteko ez zegoela zerbitzurik Bilbo eta Arrigorriaga artean.
Orain atzerapenak
Eguerditik trenak funtzionamenduan badaude ere (eta ondorioz, autobusaren zerbitzua kendu da) zerbitzuak ez du normaltasuna berreskuratu eta hamar minutuko atzerapenak jazotzen ari dira.
Murrizketak C-3 linean eta obrak
Berez, egoera bereziki kritikoa da Abando eta Urduña artean. Izan ere, beste lineatan ez bezala, tren kopurua murriztu dute udako ordutegiarekin.
Horri gehitu behar zaizkio Basaurin egiten ari diren lanak. Izan ere, horien ondorioz, burdinbide guztiak ez daude erabilgarri. Asteburuan autobusak baliatu behar izan ziren ibilbidea egiteko.
Atzo ere atzerapenak egon ziren zerbitzuan egun osoan zehar.