Iaz hautsak harrotu zituzten Solaria enpresak Araban eta Bizkaian eraiki nahi dituen zentral fotovoltaikoek eta, bereziki, horiek lotzeko instalatu nahi duten goi-tentsioko lineak. Izan ere, Espainiako Gobernuak ez zion baimenik eman horretarako.
Aurretik, Aiaraldean hainbat erakundek eta taldek alegazioak aurkeztu zituzten eta orain berriro egingo dute, eskaera berria bideratu baitu enpresak.
Aiaraldeko Mendiak Bizirikek alegazio eredu bat zabaldu du, herritarrek eurek bete eta Udalen edo Eusko Jaurlaritzen bidez izapidetzeko.
Horrez gain, Aiarako Udala ere lanean ari da alegazioak prestatzeko. Tokiko erakundeak egitasmoaren berri jaso zuen 'Mendi' proiektuaren kontrako alegazioak egin ostean eta salatu du energia proiektuak sustatzen dituzten enpresak sekulako gainkarga sortzen ari direla bitarteko oso urriak dituen udalean.
Azpiestazio berria Arespalditzan
Aiarako Udalak berak azpimarratu du iazko proiektuari azpiegitura berriak erantsi dizkiela Solariak. Gogoratu beharra dago iaz alegazioek argudiatu zutela, besteak beste, Solariak instalatu nahi duen goi-tentsioko linea izaera bereko azpiegitura baten paraleloan doala.
Baina orain aurkeztutako proiektuan beste azpiestazio elektriko bat aurreikusi dute Arespalditzan, ez litzatekeena oso urrun egongo jadanik Murgan existitzen denetik.
"Heriotzaren korridorea"
Solariaren ekimen horren kontra mobilizatzen ari diren taldeek "heriotzaren korridorea" izendatu dute egitasmoa. Izan ere, 100 kilometro baino gehiagoko linea sortu nahi du enpresak Zierbenatik Erriberabeitiara.
Aiaraldean goi tentsioko lineak 603 lursailen desjabetzea ekarriko luke: 2 Urduñan, 254 Amurrion, 241 Aiaran eta 106 Okondon..
Lezamako Administrazio Batzarrak salatu du inguruko zuhaitz guztiak moztuko liratekeela. Planoetan ikusten denez, azpiegiturak Lezama zeharkatuko luke Txibiarte ingurutik, San Anton magaletik igarota. Gainera, eguzki-parke handia aurreikusi da Txibiarteko egungo hausturetan.
Arabako Kontzeju Elkarteak, aldiz, oharra zabaldu du Solariaren proiektuak landa eremuan eragin kaltegarria izango lukeela salatzeko. Horren aurrean, eredu jasangarriak eta landa eremuarekin bateragarriak aldarrikatu ditu elkarteak.
Aiaran bertan hitzaldia eskainiko dute bihar Solariaren proiektuari buruz aritzeko.