Oso pozik dago gaur Mirari Gotxi. Izan ere Baqué taldeko txirrindulariak Aiarako II. Emakumeen Bira irabazi du, nagusitasuna erakutsita.
Atzo Larrinbeko aldapak baliatu zituen tropeletik ihes egiteko eta berarekin atera zirenak atzean uzteko. "Azkenean bi geratu ginen buruan, baina ikusita besteak ez zidala txanda aldaketa egiten tiratzeko, erabaki nuen aurrera egitea eta bakarrik sartzea", azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari.
Gaur ere ihesaldian sartu da, baina tropelak ezerezean utzi du saiakera, hortaz, helmugara heldu baino lehen ondo kokatu da eta lortu du atzo eskuratutako 30 segundoko abantailari eustea. Berez, 27. izan arren, aurrekoen denbora bera egin du.
Laudioko etapako garailea Aitana Gutierrez taldekidea izan da eta hori ere pozgarria izan da Amurrioko txirrindulariarentzat.
Gotxik aitortu dio Aiaraldea Komunikabideari azken astean ibilbidea egin duela ondo ezagutzeko eta ezagutza hori baliagarria izan zaiola.
Halaber, gogoratu beharra dago iazko Biran ere etapa baten irabazlea izan zela.
Gaurko lorpenarekin denboraldi borobila osatzen ari da Gotxi, urtea Movistar talde profesionalarekin entrenatzen hasi eta gero.
Argazkiak: Aiala Txirrindulari Elkartea