Iragan otsailean aurkeztu zuten Aiaraldea Lanean federazioa, eskualdeko enpresa eta autonomoen erreferentzia bilakatzeko helburuarekin. Ordutik hona sukalde lanetan murgilduta egon dira egitasmoaren sustatzaileak. Hainbat enpresarekin bildu dira proiektua aurkezteko, eta alkateen laguntza izan dute horretarako.
Baina irailetik aurrera jardun publikoa izatera pasako da federazioa, gaur egun oso bogan dagoen auzi bati helduz: adimen artifiziala. Kongresu bat egingo dute urriaren 2an, teknologia hori industrian nola aplikatu daitekeen aztertzeko. Irailaren 15ean, aldiz, motorrak berotzeko saio bat egingo dute Internet bidez. Zibersegurtasuna bezalako gaiak jorratuko dituzte bertan.
Kongresuan, aldiz, kasu praktikoagoak jorratuko dituzte. “Adimen artifiziala erosketen departamentu batean nola ezarri ikusiko dugu, eta finantzen esparruan nola baliatu daitekeen ere”, azaldu du Gorka Aguirre Astolak, federazioko presidenteak.
Une honetan bi pertsona daude lanean federazioan, eta beste zenbait proiektu ari dira prestatzen datorren ikasturterako.
Bestelako gai batzuei ere helduko diete. Irailaren 23an beste jardunaldi batzuk egingo dituzte, eraginkortasun energetikoan eginiko inbertsioak berreskuratzen ikasteko. Aiaraldea Lanean-ek Vital Fundazioaren laguntza izan du saio guztiak antolatzeko, eta irekita dago dagoeneko horietan guztietan izena emateko epea.
Baina ez dira hor geldituko, beste egitasmo batzuk ere dituzte buruan datorren ikasturterako, Aguirre Astolak aurreratu duenez. Izan ere, federazioa badoa apurka muskulua hartzen. “Bi pertsona ditugu lanean, bata langile moduan kontratatuta eta bestea praktiketako kontratu batekin”, azaldu dio presidenteak Aiaraldea Komunikabideari. Modu horretan, bere sorreran zehaztutako helburuei heldu nahi die federazioak: eskualdeko enpresa ertain eta txikien ordezkari eta laguntzaile izatea, eskualdeko garapen sozioekonomikoan laguntzeko.