Paper eta kartoien bilketarekin azken hilabeteetan egondako arazoak konpontzeko bidean daudela dirudi. Arabako Foru Aldundiak baimena eman dio Daorje enpresari zerbitzua emateko kontratua Garbialdi konpainiari lagatzeko. Behin lagapena sinatuta, bigarren enpresa horren esku geratuko da bilketaren kudeaketa datozen zortzi urteetarako.
Modu horretan, “zerbitzua ematean behin eta berriz egin diren ez-betetzeei konponbidea ematea” espero du Aldundiak. Bide horretan, lagapenaren formulak “kontratuaren baldintzak errespetatzea eta zerbitzua bermatzea” ahalbidetuko duela iritzi du Saray Zarate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko diputatuak.
Izan ere, kontratuan zehaztutakoaren arabera, Garbialdik hainbat hobekuntza txertatu beharko ditu zerbitzuan, beharrezko mantentze lan eta konponketa guztiak egitearekin batera. Zehaztu dutenez, bildutako materialaren jarraipen txostenak egin beharko ditu konpainiak eta eguneratuta izan beharko du kamioien ibilbideen erregistroa. Horretarako, kamioi berriek lokalizazio gailuak izan beharko dituzte.
Egungo 1.080 edukiontziak aldatu beharko ditu enpresak, “bilketa automatizatua eta aldebikoa egiteko gai” diren batzuengatik ordezkatuta.
Horrez gain, egun Arabako zirkuituan dauden 1.080 edukiontziak aldatu beharko ditu enpresak, “bilketa automatizatua eta aldebikoa egiteko gai” diren batzuengatik ordezkatuta.
Uztailaren 16an jakinarazi zuen Aldundiak Daorje enpresak zerbitzua emateri utziko ziola, eta hainbat zigor espediente ireki dizkiola zerbitzua behar behar bezala ez emateagatik.
Beharginen lan baldintzetan dago arazoaren jatorria. Langileak denbora luzez aritu dira hamar orduko lanaldiak egiten. Iaz erabaki zuten planto egitea eta gehienezko jarduna errespetatzea, baina enpresak ez ditu behargin gehiago kontratatu eta, ondorioz, lana pilatzen joan dira.
Dena den, afera konpontze bidean dagoen arren, zerbitzuaren gabeziak arazoak sortzen dihardu eskualdeko hainbat tokitan, Artziniegan kasu. Bertako Udalak atzo bertan esku hartu zuen, edukiontzien baterietan pilatutako materialak bere kabuz kenduz.