Paper eta kartoi bilketa zerbitzua zergatik ez den konpondu galdetu du Elkarrekin Podemosek Arabako Batzar Nagusietan

Aitor Aspuru Saez 2025eko irailaren 10a

Zerbitzuaren egoera abuztuan Luiaondon./ Marisa Etxeguren

Ezkerreko koalizioak zenbait galdera erregistratu ditu Saray Zárate Fernández de Landa Garapen Ekonomiko eta Jasangarritasun Diputatuak erantzun ditzan.

Elkarrekin Podemosek publikoki adierazi du galdera sorta erregistratu dituela Arabako Batzar Nagusietan landa eremuko paper tea kartoi bilketako zerbitzuari buruz. Izan ere, udan aurreko enpresari eten zioten kontratua eta Garbialdi konpainiarekin sinatu zuten berria. Hala ere, David Rodriguez taldeko bozeramaileak azaldu du lan hori ez dagoela abian.

Gauzak horrela, Elkarrekin Podemosek Saray Zárate Fernández de Landa Garapen Ekonomiko eta Jasangarritasun Diputatuari sei galdera bideratu dizkie. Hasteko, jakin nahi dute zergatik ez den konpondu irailean oraindik zerbitzu horrekin dagoen arazoa.

Horrez gain, bilketa kamioiak noiz hasiko diren pasatzen itaundu dute. Halaber, Elkarrekin Podemosek jakin nahi du zein neurri jarriko diren abian gaiari dagokionez.

David Rodriguezentzat gatazkaren muina azpikontratazio politika da, bere ustez prekarizazioa eta emaitza penagarriak ematen baititu.

Enpresa berria, baina antzeko egoera

Uztailaren erdialdean azaleratu zen Arabako landa eremuan izandako gatazka papera eta kartoia birziklatzeko orduan. Foru Aldundiak jakinarazi zuen Daorje enpresaren kontratua etengo zuela eta hainbat espediente ireki zizkiola baldintzak ez betetzeagatik. Eskualdeari dagokionez, Artziniegako Udala izan zen bereziki kritikoa zerbitzuaren egoerarekin. 

Horrela, foru erakundeak azaldu zuen Garbialdi enpresak hartuko zuela ardura eta kontratuan hobekuntza ugari ezarri zituela. Gainera, abuztuan konpainia berria lanean zegoela zabaldu zuten, baina, hala ere, zenbait herritar kexu agertu dira abuztuaren amaieran bertan. Albiste honen irudia, esaterako, Luiaondon hartu zuen aiaraldear batek hilabete amaieran.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide