Aiaraldeko industria sektorean utzikeriaz jokatzea leporatu dio Elkarrekin Podemosek Ramiro Gonzalezi

Aitor Aspuru Saez 2025eko irailaren 23a

David Rodriguez Elkarrekin Podemoseko bozeramailea Arabako Batzar Nagusietan.

Elkarrekin Podemosek konfiantza gabe hartu ditu Arabako Ahaldun Nagusiaren adierazpenak Guardian enpresako lursailei dagokienez, eta Arabako Foru Aldundiari leporatu dio ezer ez egitea Glavistaren itxiera ekiditeko.

Arabako Batzar Nagusietako politika orokorrari buruzko saioak aurrera egin du gaur eta Elkarrekin Podemos oso modu kritikoan mintzatu da Aiaraldeko egoerari buruz. Lehenik eta behin, Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiari gogoratu dio Maderas de Llodioko langileek greba mugagabea abiatu zutela atzo 39 kaleratze ekiditeko.

Edonola ere, taldearen kritika nagusiak beiraren sektorearen "hondamendiari" lotuta etorri dira. Izan ere, Gonzalezek atzo aipatu zuen albiste onak espero dituela Guardian multinazionaleko lursailean, baina Elkarrekin Podemosek egotzi dio ezer ez egitea itxiera hori gelditzeko.

Hain zuzen, Elkarrekin Podemosek azaldu du Guardianek Glavista saldu ziola Parter Capital funts putreari 2020an eta horren ondorioz 240 lanpostu galdu zirela geroago. David Rodriguez koalizioko bozeramaileak galdetu dio Ramirezi ea non zeuden Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza enpresaren jarraipena bermatzen zuen industria proiektua aurkeztu zenean. 

Izan ere, proiektu hori ez zen bideragarri izan Guardianek ez zuelako onartu lursailak saltzea inbertsoreari. "Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ez zuten esku hartu une horretan", salatu du Rodriguezek.

"Guk jakinarazi genuen hori hasiera baino ez zela izango, eta gero gertatu zen beste 170 lanpostuen galdera, eta orain esaten diguzu Guardianen instalazioetan jarduera berriko proiektu serioa abiatuko dutela. Oso berandu, Ahaldun Nagusi jauna", amaitu du Rodriguezek. 

EH Bilduk ere Aiaraldea hizpide

Halaber, Xabier Valdor EH Bilduko kideak Aiaraldean bizi den egoerari buruz hitz egin du eta azpimarratu du bai eskualdean zein Arabar Errioxan "beren etorkizuna bermatuko duen premiazko esku-hartzea" behar dutela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide