Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak prentsa oharra partekatu du salatzeko Ferosca I eta Mendi zentral eolikoen Plan Berezien kudeaketa ez dela egokia izaten ari, bere ustez. Izan ere, irailean Arabako Foru Aldundiak iragarri zuen bere gain hartuko zuela bai bata zein bestea egitea.
Taldeak honakoa adierazi du: "Eusko Jaurlaritzaren 46/2020 Dekretuaren 32.2 artikuluaren arabera, proiektu bat eskumen sektorial baten mende dagoenean (energia, esaterako), Plan Berezia Eusko Jaurlaritzak izapidetu eta onartu behar du, ez Aldundiak".
Ondorioz, plataformaren iritziz, Arabako Foru Aldundiak ez du eskumenik plan horiek izapidetzeko edo onartzeko. Halaber, Aiaraldeko Mendiak Bizirik taldeak aipatu du hori egiten saiatzeak urratu egiten dituela legezkotasun-printzipioa eta lurralde-antolamenduaren arloko eskumenen banaketa.
Plataformak ere nabarmendu du Mendi zentral eolikoak Orozkoko (hau da, Bizkaia) lurraldea hartzen duela eta, hortaz, ez duela zentzurik Arabako Foru Aldundiaren esku-hartzeak.
Zalantzarako elementu gehiago
Aiaraldeko Mendiak Biziriken iritziz, horiek ez dira proiektuak kolokan jartzen dituzte elementu bakarrak: "Bi proiektuek aerosorgailuak ezarri nahi dituzte natura-, paisaia- eta kultura-balio handiko eremuetan, Laudio, Orozko eta Amurrioko udalerriek paisaia-babes bereziko deklaratutako lurzoru urbanizaezinetan".
Horrez gain, salatu dute egitasmoak ez daudela lurralde-antolamenduko planetan jasota, hala nola:
- Aiarako Lurralde Plan Partziala (2020).
- Nekazaritza eta Basogintzaren Lurraldeko Arlo Plana (2014).
- Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorialak (2002) ez ditu kokaleku horiek parke eolikoetarako eremu egokitzat hartzen.
- Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen araudia (2019).
- Ez dute ukitutako udalen babesik, proiektu horiek beren hirigintza-arauak eta lurzorua babestekoak urratzen dituztela adierazi baitute. Gainera, ez dago Energia Berriztagarrien Lurraldearen Arloko Planik onartuta, eta horrek ez du justifikatzen instalazio horiek udalaz gaindiko interesa dutenik.