Aiarako Udala harremanetan jarri da Aiaraldea Komunikabidearekin jakinarazteko Arabako Foru Aldundiak ofizialki adierazi diola bere gain hartuko duela Mendi zentral eolikoaren kudeaketa.
Izan ere, tokiko erakundeek ez dute adostasunik erdietsi horretarako. Ez Aiara ez Amurrio ez daude prest ardura horiek hartzeko eta udal aiararra, gainera, aktiboki lerratu da proiektuaren kontra.
Hortaz, foru erakundeak erabaki du bere esku egongo dela Plan Bereziak aurrera egitea. Berez, Aldundiak bi hilabeteko epea eman zien tokiko erakundeei ados jartzeko eta euren artean plana kudeatuko zuen udal bat izendatzeko.
Feroscaren ostean, Mendi
Bi astetan Aldundiak asmo bera azaldu du bi aldiz. Pasa den astean Ferosca I zentralarekin egin zuen. Egitasmo horren kasuan Laudio eta Aiara artean adostu behar zuten nork tramitatu. Mendi proiektuari dagokionez, Amurrio eta Aiara ziren erabakia hartzeko hautatuak.
Laudiok eta Aiarak uko egin diote aginduari, argudiatuta proiektu energetikoek ez dutela betetzen udal araudiak antolamendu eta hirigintzako esparruetan. Amurriok, antza, ez dio Aldundiari erantzun, Aiarako Udalaren hitzetan.
Alegazioak
Aiarako Udalak aipatu du, halaber, bi hilabeteko epea irekiko dutela Ferosca I eta Mendi proiektuei alegazioak aurkezteko. Aiararrek iragarri dute bilerak deituko dituztela herritarrek eta Administrazio Batzarrek daukaten informazio guztia jaso dezaten. Gainera, alegazioak prestatuko dituzte erakunde zein norbanako gisa aurkezteko.
Mendi eta Ferosca I
Egitasmo elektrikoen ezaugarrei dagokienez, Mendi zentrala Aiara eta Amurrion kokatu nahi dute. Besteak beste, San Roken edota Elexazarren izango luke eragina.
Ferosca I, aldiz, Aiara eta Laudio artean instalatu nahi dute. Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak bien kontrako sinadura bilketa jendetsuak egin ditu aurten. Iaz ere egin zuen Feroscaren aurka eta 1.000 atxikimendu baino gehiago jaso zituzten.