Azaroaren 26an bilduko da Arabako Foru Aldundiak deitutako berrindustrializazio mahaia, eta LABek iragarri du ez duela parte hartuko.
Sindikatua atzo elkartu zen foru erakundearekin eta leporatu dio bere burua zuritu baino nahi ez izatea: "Etorkizunaz hitz egin aurretik, gaur gertatzen ari denari erantzun behar zaio. Maderas Llodion berehalako esku hartzea eskatzen duen egoera dago. Ezin da konfiantza eskatu eskualdeko enplegua erortzen uzten den bitartean. Ez zuen esku hartu Tubacex, Glavista edo Guardianena bezalako gatazketan, eta, gainera, langileei eta eskualdeari egotzi zien inbertsio faltaren ardura".
LAB sindikatuak leporatu dio Arabako Foru Aldundiari foroa bere burua zuritzeko estrategia izatea.
Halaber, langile erakundeak kritikatu du gardentasun eta informazio falta egon dela Aldundiaren aldetik deialdia egin zutenetik: "Aurrez eskualdeko sindikatu eta eragileei inolako informaziorik eman gabe. Komunikabideen bidez jakin genuen. Ondoren gonbidapena bidali zen, posta elektroniko orokor baten bidez, nahiz eta Aldundiak harreman zuzena eta jarraitua izan Aiaraldeko liberatuekin. Atzoko bilerara arte ez zaigu eman ezinbesteko informazioa: zein eragile dauden deituta, zein den gai ordena, zer metodologia proposatzen den eta zein den bileraren helburu zehatza".
LAB sindikatuaren baldintzak
Bere parte hartzea bermatzeko, LABek zenbait baldintza exijitu dizkio Arabako Foru Aldundiari:
- Benetako gardentasuna.
- Sindikatu, eragile sozial eta enpresa batzordeen parte hartze eraginkorra.
- Erabaki ahalmena eta lan partekatua.
- Aurrekontu konpromiso zehatza.
- Enpleguaren defentsa aktiboa.
Gogoratu beharra dago LAB ez dela foroan egoteari uko egin dion eragile bakarra. Izan ere, ELAk erabaki bera aurreratu zuen duela bi aste.