Aiaraldeko enpresa txikien eta autonomoen federazioak baikortasunez heldu nahi dio 2026ari

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko azaroaren 25a

Gorka Agirre Astola, atzoko aurkezpenean. / Aiaraldea.eus

Eskualdeko ia 70 enpresek parte hartu dute Aiaraldea Lanean federazioak burututako galdetegian, eta "neurriko baikortasuna" erakutsi dute 2026ko aurreikuspenen aurrean. Halaber, lan esku falta, langile gastuak eta absentismoa seinalatu dituzte enpresen kezka nagusien artean.

Tokiko 70 enpresen iritziak jaso ditu Aiaraldea Lanean federazioak. Eskualdeko enpresa eta autonomoen federazioak gertutik ezagutu nahi izan du industria, merkataritza eta eraikuntza sektoreko enpresek zer nolako eboluzioa izan duten agurtzear gauden urte honetan.

Atzo goizean aurkeztu zituzten galdetegiaren emaitzak, eta Gorka Agirre Aiaraldea Lanean federazioko presidenteak baikorrak izateko arrazoiak badirela azpimarratu nahi izan zuen. "Eskualdeari buruzko albiste ilunek betetzen dituzte titularrak, baina tokian errotutako enpresa txiki eta ertainen egoera positiboa da oro har", aldarrikatu zuen Agirrek.

"Eskualdeari buruzko albiste ilunek betetzen dituzte titularrak, baina tokian errotutako enpresa txiki eta ertainen egoera positiboa da oro har"

Baikortasuna, neurrian

Burututako inkestaren erantzunek erakusten dutenaren arabera, 2025ean "eboluzio ona" izan du industria eta eraikuntza sektoreko aktibitate ekonomikoak; negozio bolumen, enplegu eta inbertsioei dagokionean. Aurreko bi sektoreak ez bezala, merkataritza da urte honetarako aurreikuspenen azpitik kokatzen dena.

Eta 2026rako zer? Bada, bide berdinetik jarraitzea aurreikusten dute galdetutako enpresa eta negozioek. Aurtengo balantzean bezala, merkataritza da datorren urtearekiko ezkorren agertu den sektorea. Galdetutako enpresen ia %80k espero du datorren urtean emaitzak hobetzea edo mantentzea, eta neurri berean ere espero dute enpleguaren joera positiboa izatea.

Kezkak

"Langile kualifikatuen eskasia" da inkesta bete duten enpresen %65aren kezka nagusia. Horren atzetik kokatzen dira "langile gastuak" eta "absentismoa". Langile faltan egin nahi izan zuten azpimarra asteleheneko aurkezpenean. Izan ere, eskualdeko enpresa guztiak zeharkatzen dituen faktorea da hori, eta bereziki piztu ditu alarmak eraikuntza sektorean. Lan eskua "mantentzearen eta eskualdean errotzearen" beharraz mintzatu zen Agirre, eta horretarako tokiko enpresa ertain eta txikiak "erakargarri egitea" behar-beharrezkoa dela azaldu zuen.

"Langile kualifikatuen eskasia" da inkesta bete duten enpresen %65aren kezka nagusia. Horren atzetik kokatzen dira "langile gastuak" eta "absentismoa".

Inkestako emaitzetan goiko postuetan kokatuta ez dagoen arren, zoru-industrialaren beharrean azpimarra egin zuten federazioko ordezkariek. Bide horretan, positiboki baloratu zuten Ramiro Gonzalez Diputatu Nagusiak Aiaraldeko etorkizun industrialaz hausnartzeko deitutako bilkura.

Aiaraldeko enpresen "indargune eta ahulguneak"

Eskualdearen analisi orokor bat egiteko ere baliatu du galdetegia Aiaraldea Lanean federazioak. Sektorez sektore aletu dituzte Aiaraldeko "indargune eta ahulguneak".                                                    

Industria da eskualdeko sektorerik kolpatuena, non azken urteetako itxierek eta deslokalizazioek "ezegonkortasun klima" sorrarazi duten. Eskualdean "ondo sustraitutako" enpresen presentzia, kokapen estrategikoa eta egiteko modua Aiaraldeko industriaren indargune direla aldarrikatu du Agirrek. Kontrara, "kanpoko multinazionalekiko dependentzia handia eta burokrazia" kokatu ditu Aiaraldea Laneaneko presidenteak industriaren mehatxuen artean.

Eraikuntza da Aiaraldeko sektorerik egonkorrena, atzo aurkeztutako datuen arabera. "Enpresa txiki indartsu ugari ditugu inguruan, eraikuntzarako lursail ugari eta industriarekin estu lotutako zenbait jarduera", zerrendatu zuen Agirrek. Alta, sektore mugatua dela ere aitortu dute, "merkatu zaila izateagatik eta irudi okerraren" eraginez.

Kanpoko multinazionalekiko dependentzia handia eta burokrazia" kokatu ditu Aiaraldea Laneaneko presidenteak industriaren mehatxuen artean.

Azkenik, merkataritzak oso lotua ikusten du bere egoera eskualdeak pairatzen duten desindustrializazioarekin. Halaber, "herritarren erosketa ohitura aldaketak eta muturreko lehiakortasunak", eragin oso negatiboa dutela azaldu zuen  Agirrek atzoko agerraldian. 

Enplegu Azoka abenduaren 11n

Otsailean aurkeztu zuten Aiaraldea Lanean Aiaraldeko enpresa eta autonomoen federazioa. Ordutik egindako lana balioan jarri dute, hala nola, Adimen Artifiziala eskualdeko enpresetan inplementatzeko garatutako jarduerak eta kongresua.

Datorren abenduaren 11n urrats berri bat emango dute Aiaraldeko I. Enplegu Azokarekin. Laudion egingo dute langileak eta enpresak harremanetan jartzea helburu izango duen ekitaldia. Enplegu Azokarekin eskualdeko enpresetan arazo orokortua den lan-esku faltari erantzun nahi dio Aiaraldea Laneanek. "Lan esku kualifikatua beharrezkoa dugu Aiaraldeko enpresok. Ez bakarrik hazi ahal izateko, baita orain arteko negozio bolumena mantendu ahal izateko ere", nabarmendu zuten.

Arreta berezia eskaini nahi diote pertsona migratuen lan munduratzeari. "Gure eskualdean sustraitzeko aukera eskaini behar diegu" aldarrikatu dute federazioko kideek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide