Bihar bilduko da lehenbizikoz Aiaraldeko industria-garapenerako mahaia. ELAk hilabete hasieran jakinarazi zuen ez zuela bertan parte hartuko, eta LABek ere uko egin dio bertan egoteari. EH Bilduk, bere aldetik, parte-hartzea konfirmatu du, baina foroa “herren jaio dela” adierazi du. Izan ere, kanpoan uzten ditu Bizkaiko Foru Aldundia eta eskualdeko udalerri bizkaitarrak.
Hain zuzen, subiranistek Aiaralderako estrategia zentro bat sortzea proposatuko dute biharko bileran. 2021ean jaiotako proposamena da hori, Eva Arroyabek EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan duen bozeramaileak azaldu duenez: "Badira bost urte eskualde naturaleko udalerri guztiak bilduko dituen eta eragile ekonomiko eta sozialak ere bilduko dituen organo bat sortzeko beharra planteatu genuela. Uste dugu denbora ederra galtzen ari garela eskualde honetako industriaren beharrezko dibertsifikazioari eta deskarbonizazioari ekiteko, eskualdearen benetako biziberritzea bultzatzeko".
EH Bilduk aldarrikatu du proposatutako organo bateratu horrek aukera emango lukeela lurraldearen garapen orekatuaren alde elkarrekin lan egiteko, indarrak batzeko, elkarrekiko konfiantza lantzeko eta udalerrien arteko lehiaketa-dinamikak baztertzeko.
SOS Aiaraldearen mobilizazioa
SOS Aiaraldeak, bere aldetik, mobilizatzera deitu du bihar, bilera izango den leku eta orduan, hain justu: 10:00tan, Refor Enpresaldean. “Oraina jokoan dagoenean etorkizunaz ezin dezakegula hitz egin” aldarrikatu du plataformak, eta haien lehentasunak argi zehaztu dituzte: Maderas de Llodioko kaleratzeak deusestatzea eta langileen etorkizuna bermatzea.