Vocento taldeak adierazi duenez, Mendi zentral eolikoaren kontrako errekurtsoa onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak. Administrazioarekiko auzi-prozesuak ez du instalazioaren enpresa sustatzaileak abiatutako prozedura etengo, baina aintzat hartu beharreko errealitatea da judizializatu izana.
Aiaraldea Komunikabidea Amurrioko Udalarekin, Aiarako Udalarekin eta Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformarekin harremanetan jarri da jakiteko salaketa eurek aurkeztu duten, baina hirurek ukatu dute eurek egin izana. Hortaz, litekeena da partikular batek salatzea egitasmoa.
Alegazio garaia
Gogoratu beharra dago Green Devco Energy 5 enpresak aldaketa handiak txertatu dituela hasierako proiektuan eta ondorioz, berriro aurkeztu behar izan du proiektua eta alegazio epean dago.
Berez, aldaketa nagusia izan da zazpi aerosorgailu instalatzetik, hiru eraikitzera igaro nahi duela.
Hain zuzen, proiektutik kendu dituen hiru aerosorgailu horiek Orozkotik gertu zeuden biak eta Elexazar aztarnategi arkeologikotik hurbil zegoena dira.
Edonola ere, bestelako aldaketak ere daude eta deigarriena da, nahiz eta aerosorgailu kopurua murriztu, ekoiztu nahi duten energia handituko duela. Lehen 30 MW ziren eta 7,8 MWra igota lau horien ekoizpen gaitasuna, 31,2 MWra igoko litzateke gaitasuna.
Halaber, beste aerosorgailu baten kokapena mugitu nahi dute; zehazki, Kuskumendi eta Osoño auzunearen ingurutan zegoena.
Aipatu beharra dago Arabako Foru Aldundiak hartu zuela bere gain makroproiektu honen Plan Bereziaren kudeaketa.