ANALISIA

Desokupazio enpresak iritsi ziren moduan joan dira Aiaraldetik

Txabi Alvarado Bañares 2026ko urtarrilaren 15a

Desokupación Legal enpresa madrildarreko kideak Luiaondoko etxe bat husten saiatu ziren udazkenean. / Aiaraldea.eus

AMA desokupa eta Desokupación Legal enpresak bi etxegabetze egiten saiatu dira eskualdean. Bi kasuak nahiko ezberdinak izan arren, antzekotasun ugari daude bi konpainien artean, eta euren presentziak galdera ugari jarri ditu mahai gainean.

“Paramilitarren eta ultraeskuindarren enpresa batek etxe-kaleratze estrajudizialak egiten ditu”. Titular hori zekarren La Directa hedabide kataluniarrak 2016an plazaratutako ikerketa erreportaje batek. Bertan, Desokupa enpresaren jardunaren berri ematen zen estreinako aldiz. 

Ia hamar urte igaro dira ordutik hona, gauza asko aldatu dira, eta ez onerako. Enpresa horren sortzaile eta buruak, Daniel Estevek, aspaldi utzi zuen anonimotasuna albo batera, ultraeskuinaren bozeramaile esanguratsuenetako bat bilakatzeko, eta desokupazio konpainiak onddoak bailiran ugaldu dira Espainiako estatu osoan barrena, baita Euskal Herrian ere. Koktel horri olatu erreakzionarioaren gorakada, etxebizitzaren krisia eta okupazioaren harira piztutako alarma soziala gehituz gero, erraz ondorioztatu zitekeen denbora kontua zela horrelako enpresa bat Aiaraldean agertzea. 

Eta azkenean gertatu da. Ez behin, bitan. Udaberrian Ama Desokupa enpresak hainbat aldiz hartu zuen hegazkina Granadatik Amurriora joateko, bertako familia bat etxegabetzeko asmoarekin. Ez zuten lortu, bertako familiari hainbat presio egin arren. Herritar ugari antolatu ziren enpresako kideen presentziaren aurka, eta konpainiako buruak horietako bat salatu zuen, “koakzioak eta mehatxuak” leporatuta. Azaroan izan zen epaiketa eta, azkenean, absolbitu egin zuten bizilaguna. 

Udazkenean jaso zen bigarren kasua, Luiaondon. Desokupaciónlegal.com enpresa madrildarreko kideak bertaratu ziren herrira okupatutako etxebizitza bat husteko asmoz, bi aldiz gutxienez. Agertu ziren azken aldian Aiaraldea Komunikabideko kazetari bat bertaratu zen gertaeraren berri ematera. Irudiak grabatzen zegoela, desokupazio enpresako kideek mugikorra bota, eskua zapaldu eta mehatxuak egin zizkioten. Kazetariak enpresako kideak salatu zituen Laudioko komisaldegian gertaera horregatik. Ordutik hona ez dirudi berriro itzuli direnik. 

Aipatutako bi kasuek ezberdintasun ugari dituzte euren artean, eta desokupazio enpresen modus operandia ere ezberdina izan da. Ama Desokupakoek perfil “negoziatzaileagoa” baliatu zuten Amurrion, eta biktima papera hartzen ere saiatu ziren, bizilagunen erantzuna ikusi ostean. Luiaondora bertaratutako enpresak, aldiz, jarrera oldarkorragoa baliatu zuen, bertako egoerak hori ahalbidetzen ziolako seguraski. Baina jarrera ezberdintasun hori erabat koiunturala da. Ama Desokupak ere jakin izan du jarrera bortitzagoa izaten horretarako aukera izan duenean, bere sorterrian (Granadan) kudeatu dituen beste kasu batzuk ikusita.

Gainera, kontuan hartu behar da Amurrioko familiak gas eta argi mozketa ugari pairatu zituela enpresako kideak herria bisitatzen egon ziren garaian, eta heriotza mehatxuak ere jaso zituztela ezezagunen partetik, ekainean egin zuten agerraldian salatu zutenez. 

Horrez gain, nabarmentzekoa da baita enpresa hauek eskuin muturrarekin edota talde naziekin duten lotura.  Desokupación Legal konpainiak, adibidez, Bastion Frontal talde naziko kideen laguntza izan du une batzuetan, Sistema 161 kolektiboak eginiko ikerketaren arabera. Ama Desokupako kideek, euren aldetik, Cara al sol abestu zuten Granadan eginiko beste operazio batean, bertako, Stop Desahucios eta Ikusketa Sarea kolektiboek Aiaraldea Komunikabideari adierazi ziotenez. 

Baina, kontu guztietatik harago, ondorio argi bat atera daiteke desokupazio enpresek Aiaraldean eginiko esku hartzeei dagokionez: ez dutela ustez konpontzera zetozen arazoa bideratu. Etorri ziren moduan joan dira, baina erantzun gabeko galdera ugari utzi dituzte bidean: Zenbat kobratu dute bi enpresek euren lana (ez) egiteagatik? Zer tratu zuten hitzartuta jabeekin? Nork ordaindu du festa guztia?

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide