Free Palestine izeneko kantua plazaratu du Radio Revolucion taldeak. Abenduan grabatu zuten kantua Mexikoko Tlanepantla estatuan kokatutako Studios Quirofano grabaketa estudioan.
Jurgi Ibarretxe eta Lander "Txato" Otaolak ozeanoa zeharkatu zuten abenduan, eta Mexikoko hainbat musikarirekin batu zituzten indarrak bi kontzertu eskaintzeko. Pozik daude emaitzarekin, ska jaialdi handi batean jotzeko aukera izan baitzuten, bertako hainbat talde entzutetsurekin batera. Baina ez ziren emanaldiak eskaintzera mugatu, aipatutako kantua grabatzeko tartea ere hartu baitzuten musikariek.
Ibilbide luzeko egitasmoa da Radio Revolucion. Jurgi Ibarretxek sortu zuen taldea Londresen bizitzen zegoenean, 2004. urtean. 2017. urtean berrosatu zuen proiektua, eskualdeko hainbat musikariz lagundurik, eta bi disko plazaratu dituzte ordutik hona, azkena Kuban grabatuta.