Martxoan izango da Bilbon Loraldia jaialdiaren XII. edizioa eta, aurrekoetan bezala, euskal artista ugari elkartuko dituzte arte adierazpen garaikideetan aritzeko. Horien artean egongo da Iaiaiai irrintzi talde aiaraldearra, Alondegian arituko dena martxoaren 25ean 19:00etan eta doan.
Baina jarduera gehienak ordainduzkoak dira eta hainbat ekintzatan parte hartzeko aukera emango du Aiaraldea Komunikabideak, sarrera bikoitzak zozkatuko baititu bederatzi ikuskizunetan parte hartzeko.
Lehenengo hitzordua astebete barru izango da Kafe Antzokian 19:30ean. Zazpi sortzaile igoko dira oholtzara: bi musikari (Manex Pagola eta Aner Peritz) lau bertsolari (Nerea Ibarzabal, Haira Aizpurua, Oihana Bartra eta Ekain Alegre) eta gai-jartzaile bat (Idoia Anzorandia). Proposamen berritzailea izango dute: musika elektronikoa eta bertsolaritza uztartzea, reggatoia eta kunbia bezalako generoak baztertu gabe.
Eñaut Elorrieta
Hurrengo egunean, martxoaren 11n, Eñaut Elorrieta eta Alos Quartet arituko dira 19:30ean Sociedad Filarmonica de Bilbaon. Abeslariak bere ibilbide osoko kantak eskainiko ditu (Ken Zazpirekin zein bakarka sortutakoak) eta horretarako soka laukotea izango du lagun.
Hurrengo egunean proposamena erabat aldatuko du Loraldiak, eta Imanol Agirreren berbaldia antolatuko du 18:15ean. Bera Ikimilikiklik: Vol. 2 ikuskizunaren sustatzaileetako bat da eta sorkuntza prozesuari eta helburuei buruz mintzatuko da, taularatu baino lehen.
Verde Prato: Euskal pop radikala
Martxoaren 15ean beste proposamen bitxi bat ekarriko du Loraldiak Guggenheim Museora. Eguerdiko 12:30ean Verde Prato bakarlariak kontzertu berezia eskainiko du, 1980ko hamarkadako abestiekin (Kortatu, Hertzainak...) osatutakoa.
Hurrengo eguneko lanak, Lotaldia-k, bitxikeria are urrunago eramango du. Ikusleek estera eta manta eraman beharko dute Itsasmuseumera, 19:30ean etzanda eta ortozik entzungo baitute Peru Magdalenaren kontaketa poetikoarekin eta Ibonrg-ren lo-kantakekin osaturiko emanaldi goxoa.
Nøgen 10 urtez
Loraldiak emandako tartea baliatuko du Nøgen musika taldeak bere 10. urteurrena ospatzeko Arriaga Antzokian martxoaren 19an 19:30ean.
Hilaren 20an, aldiz, zinemak hartuko du garrantzia EHUko Bizkaiko Aretoan, 20:00etan. Izan ere, Potasio film laburra proiektatuko dute, baina Josu Martinezen pelikula baino lehen, Jon Alonsok eta zuzendariak sortutako emanaldia interpretatuko du Peio Berterretxe aktoreak. Adrian Garcia de los Ojos musikariak soinu banda jarriko du. Ikusezintasunak deitu diote saioari.
Martxoaren 22an 12:30ean, Miren Agur Meabe idazlearen testu bat oinarri hartuta, Miren Amuriza eta Uxue Alberdi arituko dira bertsotan, Amaia Agirrek proposatutako gaiekin eta Antton Valverdek joko duen musikarekin. Etorkizuna izango da Ahaztu nirekin. Memoria alfabetiko-kronologiko-bibliografiko bat kontakizunaren ardatza.
Maitasuna ez nahikoa lanak balio du maitasun idealaren gainbehera ospatzeko. Mariluz Esteban idazlearen, Amorante musikariaren eta Itziar Garaluce argien eta irudien arduradunaren arteko elkarlana ikusteko parada emango dute Bidebarrieta liburutegian martxoaren 26an 19:30ean.