M17 Greba Orokorra Aiaraldean

Jarraipen zabala ari du izaten greba orokorrak Aiaraldean, industrian zein merkataritzan

Erredakzioa 2026ko martxoaren 17a

Industriaguneetan zein herrietako merkataritzan, gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorrak oihartzun zabala ari du izaten. Aiaraldeko dozenaka lagun piketeetan mobilizatu dira goizeko lehen ordutik.

Euskal Herriko gehiengo sindikalak deitutako greba eguna da gaur eta deialdiak isla izan du Aiaraldean modu anitzetan. Lanpostura joan ez direnekin eta ateak ireki ez dituzten negoziekin batera, aipatzekoa da piketeen jarduera goizeko lehen ordutik.

Babes oso zabal izan du greba orokorrak, goizeko lehen ordutik eskualdeko industriaguneetan. Tubacexeko zuzendaritzak El Correo egunkariari eskainitako datuen arabera %75ekoa izan da jarraipena eskualdeko lantegietan.

Azken greba orokorretan baino askoz babes zabalagoa jaso du gaurko mobilizazio egunak merkataritza sekotrean ere. Amurrion komertzio guztiek itxi dute, banketxe bakan batzuk salbu. Laudion ere grebaren jarraipena zabla izan da hirugarren sektoreko negozioen artean.

Laudion Aiala Vidrion abiatu dute ibilbidea piketeek eta hor sortu da poliziaren eta grebalarien arteko lehen talka, ondorio handirik gabe.

Amurrion, aldiz, Saratxoko industriagunean ekin diote egunari tirabira aipagarririk gabe. 

Laudioko piketea herrigunera jotzean etorri dira gatazka handienak. Lehenik eta behin, herritar bat identifikatu eta salatu dute errepidean egoteagatik.

Gero, Tubacexen bultzaka mugitu dituzte ertzainek piketeko kideak eta Eroskin grebalari bat atxilotzen saiatu dira. Azkenean eraman ez badute ere, bi akusazio direla medio ikertua izango dela iragarri diote.

Hain zuzen, merkatal gunean indarrez sartzea leporatu diote. Berez, piketeko talde bat barneratu da Eroskin propaganda banatzeko eta horrek eragin du tentsioa eta poliziaren agerpena. Grebalariek merkatarien iradokizuna jaso dute eta indar berezia jarri dute Eroski bezalako merkatal gune handiak irekita egon ez daitezen.

Amurrioko piketearen zati bat Murgara bertaratu da salatzeko behargin talde batek adierazi duela atzo ez zitzaiela utzi parte hartzen Etorki enpresan egindako bozketan grebari buruz erabakitzeko.

10:00etik aurrera piketeak herrigunean geratu dira, baina merkatari eta tabernari gehienek bat egin dute grebarekin eta batzuek euren aldarrikapenak plazaratu dituzte.

Argazkiak: Aimar Gutierrez Bidarte, Txabi Alvarado Bañares eta Aiaraldeko Greba Batzordea

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide