Errolda soziala ezartzeko urratsak ematen jarraitzen dute Artziniega, Aiara eta Laudioko Udalek, “kale egoeran edo infraetxeetan gero eta pertsona gehiago” bizi direla ikusita. Azaldu dutenez, protokolo proposamen bat garatu dute, eta Aiarako Kuadrillara jo dute, bertako Gobernu Batzordearen bilera bat eskatzeko. Izan ere, hiru udal horien aburuz, “modu uniformean” koordinatu beharko litzateke horrelako neurri baten ezarpena.
Gainera, beste proposamen bat ere plazaratu nahi dute hiru Udalek Kuadrillan: 4.000 euroko partida bat txertatzea aurtengo aurrekontuetan, Aiaraldeko pertsona zaurgarri eta migratzaileen errealitatea aztertzeko, kaleko gizarte-hezitzaileekin garatutako “proiektu pilotu” baten bidez.
Azaldu dutenez, Arabako Gizarte Politiketako Sailari helarazi zioten proposamena, eta honek begi onez ikusi zuen, baina ez zuen baliabiderik eskaintzen. Horregatik erabaki dute Kuadrillarengana jotzea, une honetan mota horretako baliabide gehienak Gasteizen zentralizatuta daudelako, “gizarte-bazterkeriaren balorazioa barne”. Gauzak hala, Aiaraldean “urratsak” ematen hasteko premia jarri dute mahai gainean EH Bilduk gobernatutako hiru tokiko erakundeek, egoera “gero eta gordinagoa” dela ohartarazita.
EAJ ez dago ados
Dena dela, ikusteke dago zer ibilbide duen errolda sozialaren aferak Kuadrillan. Izan ere, EAJk du gehiengoa erakunde horretan, eta, orain arte behintzat, ez du begi onez ikusi EH Bilduko hiru Udalek garatutako dinamika. Hain zuzen, "ke-gortina" gisa definitu zuten jeltzaleek errolda soziala aktibatzeko asmo hori, "okupazioari eta segurtasunari buruzko eztabaida saihesteko" modu bat zela iritzita.