Asteazkenean iragarri zuten Laudio, Aiara eta Artziniegako Udalek elkarlanean ari direla errolda soziala eta beste baliabide batzuk aktibatzeko kale egoeran dauden herritarrentzat. Horri erantzun dio EAJk orain, esanez albiste hori "ke-gortina" bat dela, fokua "arazo nagusitik desbideratzeko"; alegia, okupazioa eta segurtasuna. "Ez gara etxerik gabeko pertsonez ari; legez kanpoko okupazioaz eta gizartean gero eta kezka handiagoa sortzen ari diren delitu-egitateez ari gara", nabarmendu dute jeltzaleek.
EAJren aburuz, "herritarren segurtasuna eta bizikidetza" dira gaur egun eskualdeko kezka nagusietako bat. Horregatik, alderdi jeltzaleak uste du "ezin zaiola errealitate horri erantzun beste eremu batzuetako eztabaida lausotuz". Jeltzaleek nabarmendu dute "arazo zehatz bat" dagoela "etxebizitzen legez kanpoko okupazioarekin eta horiekin lotutako delitu-portaerekin lotuta, eta ukatzeak edo minimizatzeak egoera larriagotzen du soilik".
"Ez gara etxerik gabeko pertsonez ari; legez kanpoko okupazioaz eta gizartean gero eta kezka handiagoa sortzen ari diren delitu-egitateez ari gara"
Horrekin batera, "erantzunkizuna sistematikoki beste erakunde batzuei helaraztea" leporatu die EAJk EH Bilduk gobernatutako hiru udalerriei, nabarmenduta Laudio dela eskualdeko udalerri nagusia, "25 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin, eta horrek nahikoa tarte ematen diola segurtasun- eta bizikidetza-arloko politika eraginkorrak lehenesteko".
Jeltzaleen aburuz, hauek dira aktibatu beharko liratekeen neurriak: "Udaltzaingoarekin eta Ertzaintzarekin koordinazioa indartzea, legez kanpoko okupazioari aurre egiteko protokolo espezifikoak, gatazka-guneen jarraipena eta prebentzio-neurriak auzorik kaltetuenetan".
Hala ere, jeltzaleek aitortu dute gaiak baduela "gizarte-dimentsio" bat, "integrazio- eta laguntza-politiketatik" heldu behar zaiola. "Gizarte-ikuspegitik erantzun beharko zaie gerta daitezkeen kalteberatasun-egoerei, baita migrazio-prozesuei lotutakoei ere. Ezin da delinkuentzia zuritu, ezta gauzak beren izenez deitzea saihestu ere".
Hainbat aldiz jarri ditu EAJk mahai gainean okupazioaren eta segurtasunaren gaiak, biak elkar-lotuz. Azaroan "baliabide polizial gehiago" eskatu zizkioten jeltzaleek Laudioko Udal Gobernuari, “ultraeskuinaren gehiegikerian, populismoan, onkerian eta muturreko ezkerraren ukazioan erori gabe”.
Abenduan, aldiz, udalbatzara eraman zuten gaia, eta alkateak bilkuran bertan erantzun zien.
Ainize Gastaka alkateak gaia izan zuen hizpide otsaila hasieran Aiaraldea Komunikabidearen Azalera podcastean: