Aiaraldeko Garapen Industrialerako Mahaia "erreminta malgu bat" izan behar duela uste du EH Bilduk

Txabi Alvarado Bañares 2026ko apirilaren 2a

Iragan asteartean Laudioko Kasinoaren aurrean eginiko protestan egon ziren EH Bilduko alkateak.

Koalizioaren ustez, mahaiak aukera eman beharko luke une honetan eskualdean dauden arazoei ere irtenbidea bilatzeko. 

EH Bilduk ez du Aiaraldeko Garapen Industrialerako Mahaiaren azken bi bileretan parte hartu, Tubos Reunidos eta Maderas de Llodioko langileek protestak egin dituztelako bilkuren aurrean. Gauzak hala, ohar baten bidez helarazi du alderdiak organo horri buruz duen iritzia. 

Koalizio subiranistak azaldu duenez, bilera bat egin zuen iragan astean Aiarako, Artziniegako eta Laudioko alkateekin eta EH Bilduko Amurrio eta Urduñako zinegotziekin. Talde politikoko hainbat militantek ere hartu zuten parte hitzorduan, eta baita Eva Lopez de Arroyabe batzarkideak ere. 

Bertan ondorioztatu zuten Aldundiak sustatutako mahaia "erreminta malgu bat" bilakatu behar dela, "etorkizunaren inguruan hausnartzeko balio behar duena, baina baita ere egun bizi diren arazoei irtenbideak bilatzeko". Horri lotuta, EH Bilduk nabarmendu du ezin zaiela "bizkarra" eman, “unean-unean sortzen diren arazo sozioekonomikoei, hala nola Tubos Reunidoseko 300 kaleratzeei". 

Antzeko iritzia plazaratu dute EH Bilduk gobernatutako Udaletako alkateek (Joseba Vivancok, Ainize Gastakak eta Pruden Otegik). Industria mahaia "malgutzea" eskatu dute hiru gobernuburuek, eta "eskualdearen egungo egoera eztabaidan sartzea". 

Industria mahaia "malgutzea" eskatu dute baita ere Aiara, Artziniega eta Laudioko alkateek, eta "eskualdearen egungo egoera eztabaidan sartzea"

Industria-lurzorua eztabaidagai

Horrez gain, hiru alkateek hainbat proposamen helarazi dituzte iragan asteko bileran landu zen gaiari lotuta: Industria-lurzorua. Nabarmendu dute "ezinbestekoa" dela eskualde osoko diagnostiko bat egitea, "eskualde-estrategia bat ezarri ahal izateko eta Aiaraldean eskuragarri dagoen lurzoruaren errealitatea ezagutu ahal izateko, lehendik industrializatuta dauden lurzoruen aprobetxamenduari lehentasuna emanez eta degradatuak lehengoratzea sustatuz". 

Horri lotuta, "udalaz gaindiko industrialde bat sortzeko aukera" ere jarri dute mahai gainean, eta baita "nekazaritzako industrialde bat sortzea" ere. Era berean, beharrezkotzat jo dute informazioa jasotzea SPRI, Araba Garapenerako Agentzia eta Azpiegiturak bezalako erakunde publikoen partetik, “enpresak erakartzeko eta lurzorua erabiltzeko egin diren ahaleginei eta horretarako dauden baliabideei buruz”. 

Dena dela, honakoa ez da industria-lurzoruaren gaia eztabaidara ateratzen den lehen aldia. Izan ere, auzi hori baliatu zuen iaz Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiak Laudioko Udalaren jarduna kritikatzeko, udalerriko HAPO berrian mota horretako lursail nahikorik aurreikusten ez direla argudiatuta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide