Errolda soziala “berehala” aktibatzea eskatu diete Aiaraldeko udal guztiei

Txabi Alvarado Bañares 2026ko apirilaren 20a

Komunikazio kanpaina abiatu dute sinadura bilketa jendarteratzeko. / Ondo Etorri elkartea

Sinadura bilketa abiatu du Ondo Etorri elkarteak horretarako eta hemen eman daiteke atxikimendua.

Errolda soziala “berehala” aktibatzea eskatu die Ondo Etorrik eskualdeko udal guztiei. Harrera elkarteak sinadura bilketa abiatu du horretarako, eta hemen eman daiteke atxikimendua. Horrez gain, eskualdeko hainbat saltoki eta tabernetan ere jartzen ari dira sinadurak biltzeko orriak.  

Azaldu dutenez, Udalak "legez daude derrigortuta" udalerrian bizi diren pertsona guztiak erroldatzera, “oinarrizko eta funtsezko eskubidea baita, baita pertsonek etxebizitza finkorik ez duten kasuetan ere”.

Baina, salatu dutenez, Aiaraldeko udal nagusiek ez dute errolda soziala indarrean, “eta horrek eskubide horretatik kanpo uste ditu etxebizitza finkorik ez duten edota kale egoeran bizi diren herritarrak”.

Erregularizazio prozesua

Errolda sozialaren eskaerak badu harremana Espainiako gobernuak iragan astean abiatutako migratzaileen ezohiko erregularizazio prozesuarekin. Prozesu horretara batzeko bi baldintza nagusi bete behar dira: Espainiako estatuan iaztik behintzat egotea eta eskaera egiten den unean bost hilabete eramatea bertan modu jarraituan bizitzen, aurrekari penalik ez izatearekin batera. 

Salatu dutenez, Aiaraldeko udal nagusiek ez dute errolda soziala indarrean, “eta horrek eskubide horretatik kanpo uste ditu etxebizitza finkorik ez duten edota kale egoeran bizi diren herritarrak”.

Gauzak hala, erroldatuta egotea ezinbesteko baldintza ez den arren, Ondo Etorriko kideek ohartarazi dute “bizileku jarraitua egiaztatzeko ezintasuna beste oztopo bat izan daitekeela” aipatutako baldintza horiek betetzen direla frogatzerako orduan.

Horregatik eskatu diete premia udalei, ekainaren 30ean amaitzen delako prozesura batzeko epea. 
Erregularizazioa lortzen duten migratzaileei urtebeteko bizileku eta lan baimena emango diete, eta osasun, hezkuntza eta gizarte zerbitzuetara ere izango dute sarbidea. 

“Uda baino lehen”, Laudioko alkatearen esanetan

Aiaraldea Komunikabideak Ainize Gastakari galdetu zion gai honen inguruan Azalera podcastean. Izan ere, Laudio, Artziniega eta Aiarako udalek errolda soziala aktibatzeko lehen urrats batzuk iragarri dituzte. 

Laudioko alkateak erantzun zuen neurria “uda baino lehen” ezartzeko asmoa dutela, eta “Aiaraldea osoari dagokion planteamendu bat” izan behar dela defendatu zuen.

Bide horretan, gogorarazi zuen Aiaraldeko Kuadrillari luzatu diotela eskualdeko udalerri arabarren “lidergotza eta koordinazioa” eramateko deia, baina oraindik ez dela halakorik gertatu. Dena den, ziurtatu zuen berdin berdin aktibatuko dutela aipatutako hiru udalerrietan. 

Erlazionatuak

Ondo Etorri: Aterpea bilutsirik daudenentzat

Aimar Gutierrez Bidarte 2025 abe 18 Laudio

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide