Bost gorroto-gertakari erregistratu zituen Ertzaintzak Aiaraldean 2025ean. Aurreko urtearekin alderatuta, gora egin du salatutako gertakari kopuruak eskualdean, 2024an hiru kasu erregistratu baitziren, bi Laudion eta bat Amurrion.
Hala dio gai horri lotuta Eusko Jaurlaritzak aurkeztu berri duen txostenak. Atzo aurkeztu zuen dokumentua Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuak Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean. Bertan azaldu dutenez, EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren laguntza izan dute ikerketa egiteko.
Beheranzko joera orokorra
Aiaraldean igoera eman den arren, EAEko joera kontrakoa da, zifra totalak %18 egin baitu behera. Beheranzko joera hori hiru urtez jarraian mantendu da, 2022an goia jo ondoren, 435 gertakari erregistratu baitziren urte horretan.
193 kasu biltzen ditu gaur aurkeztutako ikerketak. Hala ere, txostenak berak adierazi du datuak "kontu handiz" interpretatu behar direla, txostenean Ertzaintzaren eskuetara iristen diren kasuak baino ez direlako islatzen, eta hori "fenomenoaren zati bat" baino ez delako.
Aiaraldean igoera eman den arren, EAEko joera kontrakoa da, zifra totalak %18 egin baitu behera. Hala ere, ikerketaren egileek ohartarazi dute hainbat faktore egon daitezkeela horren atzean.
Infrasalaketa
Gauzak hala, ikerketaren egileek diote ziurrenik "salaketan (infrasalaketa) eta erregistroan emandako aldaketak" daudela beherakadaren atzean. Ohartarazi dutenez, honako faktore hauek eragiten dute infrasalaketaren fenomenoan, besteak beste: "biktima askoren administrazio-egoera irregularra, baliabide ekonomikoen falta edo prozeduraren ezagutza, indarkeriaren kulturaren normalizazioa, sistema judizialarekiko eta polizialarekiko konfiantza txikia eta erasotzaileen edo agintarien errepresalien beldurra".
Arrazakeria eta xenofobia nagusi
Iaz erregistratutako gertakarien %56k izan zuen zerikusia arrazakeriarekin eta xenofobiarekin, 108 kasu orotara. Orientazio edo identitate sexualari lotutakoak, aldiz, 40 izan ziren, eta beste 18 erregistartu ziren ideologiarekin edo orientazio politikoarekin lotuta.
Delituen tipologiari dagokionez, lesioak eta mehatxuak izan ziren gertakari ohikoenak iaz, 63 eta 40 kasurekin, hurrenez hurren. Ondorioei dagokionez, txostenak dio 284 pertsona ikertu zituztela delituen egile gisa, eta 9 atxilotu egon zirela.
Txostenak ez du zehazten Aiaraldean erregistratutako gertakariak zein motatakoak izan ziren. Hala ere, Artziniegan jazotako gertakarietako bat publikoa egin zen bere unean. Iazko uztailean jaso zen, Frontoiko plazan zegoen familia magrebtar batek irain arrazista eta xenofoboak jaso zituenean. Gorrotozko delituengatik ez ezin, "ekintzezko tratu txarragatik" ere jaso zuten salaketa.
2020an erregistratu zuen Ertzaintzak gorroto-gertakari kopuru handiena eskualdean, 7 kasurekin. Hemen ikusi daiteke ordutik hona emandako bilakaera:
Aurreko urteetan ere egon dira beste hainbat kasu. Artziniegako jaietan bi eraso lesbofobo salatu zituzten 2019an. Bi urte lehenago, aldiz, CD Orduñak eta Indartsu Klubak adierazpen bateratua argitaratu zuten, lehen taldeko jokalariek partida batean jasotako irain eta mehatxu homofobo, arrazista eta xenofoboak zirela eta.
2019ko urtarrilean oso bestelako gertakaria jazo zen Lezaman: Polizia Nazional ohi bat atxilotu zuten, Ezker Abertzaleko familia baten etxearen aurka tiro egitea egotzita. 2024ko ekainean izan zen epaiketa, eta hiru urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra onartu zuen auziperatuak.