Uztailaren 20an abiatu zuten Aiaraldeko Kuadrillako hondakin-bilketako langileek greba mugagabea, lan hitzarmena hobetu asmoz. Hamar egun geroago lortu zuten aurreakordioa, eta ELA Sindikatuak azaldu zuenez, langileen aldarrikapen nagusiak bildu ziren bertan.
Hortaz, orain soldata igoerak KPIaren araberakoak izango dira kontzeptu guztietan 2026, 2027, 2028 eta 2029 urteetan. Kontziliazio hobea ere izango dute beharginek; izan ere, Laudioko Garbiguneko larunbat arratsaldetako txanda kendu ostean, langileek hilabetean bi asteburu lan egin beharrean, hilabetean larunbat bakarra lan egitea egokituko zaie. Halaber, lanorduetan batzarrak egiteko bi ordu izatea jasotzen du, bai eta abenduaren 24an eta 31n lanaldi erdia egiteko eskubidea ere.
Laudioko Udalari kritika
Grebaren balorazioa egiteko zabaldutako oharra baliatu du Aiaraldeko Kuadrillak "gertakarien benetako garapena" azaltzeko, "herritarrei negoziazio-prozesuaren errealitatearekin bat ez datorren bertsiorik helaraz ez dakien". Izan ere, haien hitzetan, Kuadrillako presidenteak eta ingurumen teknikariek prestatu zuten proposamena, "hainbat egunez egindako lan tekniko eta antolatzailearen ondoren".
Bide horretan, erakundeak gogorarazi du "Laudioko Garbigunea ez dela udal-instalazio bat, baizik eta Aiaraldeko Kuadrillaren titulartasuneko eskualdeko ekipamendu bat, eskualde osoari zerbitzua ematen diona", eta beraz haren gaineko eskumenak Kuadrillari dagozkiola.