"Oholtzara igo eta pankartak ateratzeko prest" jarraitzen du Aiaraldeko Mugimendu Feministak

Erredakzioa 2026ko abuztuaren 11

Agerraldi bateratua egin dute Amurrioko txosnagunean, Amurrio, Laudio eta Orozkoko jaiei begira egingo dituzten ekintzak aurkezteko.  

Hainbat ekimen prestatu ditu Aiaraldeko Mugimendu Feministak Amurrio, Laudio eta Orozkoko jaietarako. Hala iragarri dute mugimenduko kideek Amurrioko Txosnagunean eginiko agerraldi bateratuan. Bertan eman dute abian jarriko dituzten tresna guztien berri. 

Iragarri dutenez, Laudion eraso matxisten aurkako sare bat jarriko dute martxan jai egun guztietan, 24 orduz. Gauzak hala, 722162904 zenbakira deitu edo idazteko edo Laudioko Mugimendu Feministaren Instagram kontuarekin harremanetan jartzeko deia luzatu dute eraso bat jasan edo ikusten dutenei. 

Amurrion ere 24 orduko txandak egingo dituzte bertako feministek, eta Tximeletak zentroaren telefonoa (650801080) baliatuko da erasoak salatzeko, eta baita Otsemeak taldearen Instagram kontua ere. 

Orozkon, aldiz, brigada moreak antolatuko dituzte. "Jaietan zehar, zapi morea eramango duten pertsonak egongo dira, beraz, erasorik ikusi edo jasan ezkero, haiengana jo. Gainera, ostiral eta larunbat gauetan puntu morea ere egongo da", azaldu dute. 

"Denon ardura"

"Gozamena erdigunean" egon behar dela aldarrikatzea izango da martxan jarriko diren tresnen helburu nagusia, baina nabarmendu dute horren ardura ez dela feministena soilik. "Denon ardura da espazioak nola hartzen ditugun berrikustea, albokoaren txistua moztea edo ditugun jarrerekiko erantzukizuna hartzea", aldarrikatu dute, ohartarazita indarkeriak "forma ezberdinak" hartzen dituela, "jaietan zein urteko egun guztietan".

Horri lotuta, salatu dute eurentzat ez dela gozagarria "ordu txikietan erasoak salatzen dituzten pankarten atzean eta txistu artean ikustea", iazko Laudioko jaietan gertatutakoa gogora ekarriz. Horren aurrean, "oholtzara igo eta pankartak ateratzeko prest" jarraitzen dutela ziurtatu dute, horretarako protokolo feministak martxan jarrita. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide