Zinema aretoetatik geroz eta gertuago dago Aiaraldeko marka duen David Perez Sañudo zuzendariaren Sacamantecas filma. Azaroaren 6an estreinatuko da zuzendari bilbotarraren lan berria. XIX. mendeko Araban kokatuta, filmak Juan Diaz de Garaio 'Sacamantecas' serie hiltzaile ezagunaren istoria du ardatz.
Maila altuko aktoreak izan dira Sañudorekin lanean, 2024ko udazkenean grabaketak abiatu zituztenetik. Besteak beste, Patricia Lopez Arnaiz, Edurne Azkarate, Antonio de la Torre, Josean Bengoetxea eta Eneko Sagardoik parte hartu dute produkzioan.
Garrastatxun filmatua
Arabako hainbat txokotan grabatu dute Sacamantecas filma. Bereziki sonatua izan zen Gasteizko Santa Maria Katedralean burututako grabaketa. Izan ere, Arabako apezpikutzak thrillerr-a bertan grabatzearen aurkakoa izan zen hasieran.
Gasteizen ez ezik, Aiaraldean ere filmatu dituzte hainbat eszena. Zehazki Baranbioko Garrastatxu baselizan egon ziren grabaketa lanetan. Aiaraldea Komunikabidea bertan egon zen, eta zuzendariaren eta aktoreen testigantzak jaso zituen:
Aiaraldearekin lotura estua du David Perez Sañudoren lanak. Bere aurreko film luzea, Azken Erromantikoak, Txani Rodriguez idazle laudioarraren Los Últimos Románticos eleberrian dago oinarritua, eta 2024ko otsailean hainbat eszena grabatu zituzten Laudioko tren geltokiaren inguruan.