Amurrioko eta Urduñako ziklokros lasterketen atarian, eskualdeko txirrindulariek oso emaitza onak lortu zituzten Ormaiztegin

Aitor Aspuru Saez

Ibai Colmenero.

Larunbatean egingo dute lasterketa Reforren eta igandean Urduñan. Aiaraldeko hainbat txirrindulariren helburua izango da ondo egitea, Ormaiztegin eta beste proba batzuetan podiumak eta garaipenak lortu ondoren.

Larunbatean 09:00etatik aurrera ehunka txirrindularik eta zalek hartuko dute Reforra Amurrioko Ziklokrosaz gozatzeko. Berez, lasterketa puntuagarria da Espainiako Kopan eta, hain zuzen, 12:30ean emakumezko zein gizonezko juniorrak aterako dira, 13:30ean emakumezkoen elitea eta 14:45ean gizonezkoena.

Igandean Urduñan izango da hitzordua.

Ormaiztegin aiaraldearrak protagonista

Eskualdeko txirrindulariek zer esana izango dute larunbateko zein igandeko lehian, Ormaiztegin eta aurreko asteetan egindakoa ikusita. Izan ere, Iñaki Carro Master 40 kategorian irabazi zuen. 

Carrok azpimarratu du oso zirkuitu gogorrean gailendu zela, bi aldapa oso gogorrak baititu eta eguraldiaren ondorioz, tarteka labainkorrak. Txirrindulariak hasieratik menderatu zuen lasterketa eta buruan jarri zen, abantaila gero eta gehiago handitzeko. 

Carrok azpimarratu du Izagirre anaiek antolatzen dutela proba eta, gainera, Jon Izagirre eta Pello Bilbao erretiratu zirela egun horretan, ohiko giro ona are beroagoa bilakatuta. 

Master 40ko kirolariak ez ezik, Mikel Llorente amurrioarrak ere lortu zuen tokia podiumean eta bigarren izan zen juniorren artean. Llorenteren asmoa da ahalegina egitea Euskadiko txapelduna izateko eta Espainiakoan ere sailkapen ona izateko.

Mirari Gotxik bosgarren zeharkatu zuen helmuga eta oso balorazio positiboa egin du: "Irteera ona egin nuen, eta lehenengo hamar postuen artean kokatzea lortu nuen. Lehenengo itzulietan aurrera egin, eta banekien nire irismenetik kanpo zeuden lau eliteko txirrindulariak bistatik galdu nituen. Frantziar txirrindulari batekin borroka polita izan nuen, eta azken itzuli eta erdiaren faltan berarengandik aldentzea lortu nuen, helmugara bakarrik iritsiz. Bereziki ilusioa egin zidan, borrokatzeko gai izan nintzen guztiagatik, eta horrek konfiantza ematen dit hurrengo lasterketei begira".

Ibai Colmenerok ere lan txukuna egin zuen eta zazpigarren sailkatu zen. Gazteak denboraldiaren balorazio ona egin du, hiru aldiz igo baita podiumera; duela bi asteburu birritan eta aurretik Oviedon. 

Buruan Amurrion ahalik eta hoberen dauka une hauetan eta Espainiako Kopako azken bost lasterketetan fin ibiltzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide