Tubacex enpresak jakinarazi du 5,5 milioi euro galdu dituela aurtengo hirugarren hiruhilekoan. Emaitza ez da batere ona, are gehiago alderatzen bada iazkoarekin, zeinean tarte berean 16,7 milioi euroko etekinak izan zituen.
Edonola ere, konpainiak lasaitasuna transmititu nahi izan du eta azaldu du Ekialde Hurbilean gertatzen ari diren gerrek eta Ormuzeko egoera direla, neurri handi batean, egoeraren arrazoia.
Gauzak horrela, enpresak 384,1 milioi euroko kapital zirkulatzailea dauka eta horietatik 145 milioi euro Adnoc Abu Dabiko enpresararekin egindako kontratuari lotuta daude. Gogoratu beharra dago bi enpresen arteko harremana Joint venture deituriko hitzarmena dela eta, multinazionalak azpimarratu duenez, adostutako diru sarrerak beteko dira.
Izan ere, Iran, Israel eta Estatu Batuen arteko gerrak eragina izan du bere bazkidean eta garraioak eragindako gainkostuak eta horniketa etenaldiak ekarri ditu horrek, Ormuzeko itxieragatik. Edonola ere, epe laburrean 65 milioi euroko diru sarrera espero du Tubacexek eta gaineratu du 1.162,4 milioi euroko eskari zorroa dutela oraindik.
Hodiak industria nuklear frantziarrarentzat
Bestalde, Tubacexek ez ditu soilik albiste txarrak zabaldu bere inbertsoreentzat. Izan ere, oharra plazaratu zuen pasa den astean jakinarazteko EDF enpresa frantsesarekin elkarlanean aritu eta gero, hodiak salduko dizkiola eraikiko dituzten hiru zentral nuklear berrientzat.