Etxebizitza Aiaraldean

Azaroaren 11ko greba orokorra Aiaraldean ere gorpuzteko deia egin dute

Erredakzioa

Eskualdeko mobilizazioa deitu dute egun horretarako, arratsaldeko seietan Laudioko Herriko plazatik abiatuta. Larunbat goizean egin zuten hori iragartzeko agerraldia Amurrion. 

Bederatzi egun baino ez dira falta azaroaren 11ko greba orokorrerako. Espainiako estatuko sindikatu nagusiek deitzen duten gisa horretako lehen deialdia izango da 14 urtetan. Euskal Herrian, aldiz, zortzi hilabete eskas baino ez dira igaro azkenekotik. Martxoaren 17ko lanuzte hartan gutxieneko soldata handitzea izan zen aldarri nagusia, eta jarraipen zabala izan zuen deialdiak eskualdean, tokiko egoera sozioekonomikoak baldintzatuta batez ere. 

Oraingoan, aldiz, etxebizitza duinaren aldeko mezuek hartuko dute lehen planoa, Madrilen piztu eta Bilbo bezalako beste hiri batzuetara zabaldutako kanpaldiei lekukoa hartuta. 

Hego Euskal Herrian indarrak batu dituzte ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarearekin eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin. Mobilizazio bateratuak egingo dituzte hiriburuetan, eta arratsaldean eskualdez eskualde zabalduko dira protestak.

Aiaraldean jakinarazi dute dagoeneko tokiko deialdia. 18:00etan izango da Laudioko Herriko plazatatik abiatuta. Hala iragarri zuten larunbatean SOS Aiaraldeak deitutako agerraldian. Dozenaka herritar bildu ziren Amurrioko Federico Barrenengoa kalean eraikitako babes ofizialeko etxebizitza bloke berrien aurrean, hainbat sektoretako ordezkariak tartean (Tubos Reunidos zein Maderas de Llodioko langileak, pentsiodunak, osasun langileak, merkatariak eta beste hainbeste). 

“500 euro baino gehiagotan azpi-alokatutako gelak daude eskualdean, 2.000 etxe huts baino gehiago, ia 2.000 lagun Alokabide eta Etxebideren zerrendetan…”

Bideo bat grabatu zuten bertan, greba orokorrera joateko arrazoiak aletzeko, tokiko ikuspegia txertatuta. Izan ere, grebaren tokiko deitzaileek uste dute etxebizitzaren krisiak “gogor kolpatu” duela Aiaraldea ere. “Ez dago etxerik alokairuan eta, daudenean, prezioak ordainezinak dira”, salatu dute. Hainbat zifra jarri dituzte horren adibide gisa: “500 euro baino gehiagotan azpi-alokatutako gelak daude eskualdean, 2.000 etxe huts baino gehiago, ia 2.000 lagun Alokabide eta Etxebideren zerrendetan…”. 

"Higiezinen arrazakerian” ere jarri dute begirada, nabarmenduz etxebizitzaren problematikak ez diela berdin eragiten pertsona guztiei. Agerraldian azaldu zutenez, “arrakala” bat dago jendarteko sektore ezberdinen artean eta, horren ondorioz, problematikak gehiago eragiten die “pertsona migratu eta arrazializatuei, emakumeei, gazteei edota pertsona ez-heteronormatiboei”. 

Horren aurrean, politika publikoak exijitu dituzte, “errentismoarekin eta negozioarekin bukatzeko”. Merkatuan esku-hartzea eskatu diete erakundeei, “alokairuak jaitsi, etxegabetzeekin amaitu, espekulazioa debekatu eta parke publikoa defendatu eta handitzeko”. 

Bilera irekia asteazkenean

Arratsaldeko mobilizazioaz gain, beste zenbait ekimen ere prestatzen dabiltza greba orokorraren eguna ezaugarritzeko. Hain zuzen, eskualdeko bilera irekia deitu dute asteazken honetarako (urriak 4), 18:30ean Laudioko Kultur etxeko Arraño aretoan. Bertan adostuko dute behin betiko egitaraua. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide