Patagonian bildutako irakaspenak eta abenturak pantaila handira ekarri ditu Tasio Martin alpinista gazteak

Aimar Gutierrez Bidarte

Tasio Martin eta Rafa Gomez Torres del Paineko zeharkaldi betean. / T.M.

Coincidencias Patagónicas filma aurkeztuko du Tasio Martin alpinistak datorren azaroaren 12an, Mendiko Lagunak taldeak antolaturiko Mendi Jardunaldien barruan. Hiru urtez Patagoniako mendietan burututako eskaladak eta jasotako irakaspenak bildu ditu.

Patagoniako mendiei lotuta igaro ditu Tasio Martin alpinista gazteak azken hiru urteak. Kointzidentzia askoren baturak bultzatuta, balentria ugari kateatu ditu Hego Amerikako granitoetan. Orain dokumental batean bildu ditu esperientzia eta irakaspen horiek guztiak: Coincidencias Patagónicas. Mendiko lagunak taldeak antolaturiko Mendi Jardunaldietan aurkeztuko du filma, datorren azaroaren 12an, osteguna, 19:00etan Amurrio Antzokian.

Torres del Paine eta Fitz Roy

Azken denboraldian gauzatutako bi proiektu ikusgarrienek eman diote Martini ikus-entzunezkoan murgiltzeko aitzakia. “Oso denboraldi berezia izan da honako hau Patagonian. Imajinaezinak ziren bi ekintza egin ditu”, azaldu dio Urduñako alpinistak Aiaraldea Komunikabideari. Torres del Paineko zeharkaldia osatzea eta Fitz Roy mendiko ekialdeko pilarea eskalatzea izan dira bi jarduera horiek, biak 2026ko otsaila eta martxoa bitartean burutuak.

Rafa Gomezekin batera osatu zuen Martienk Paineko zeharkaldia. Sean Villanueva Belgikako alpinistak 2024an irekitako bidea jarraitu zuten. Haizeak eta meteorologia aldakorrak baldintzatuta, lau egun igaro zituzten horma bertikaletan gora eta behera, Patagoniako siluetarik ezagunean marraztuz.

Hilabete beranduago, Sean Villanueva bera izan zuen sokalagun Tasio Martinek, Fitz Roy mendiko ekialdeko pilareko eskaladan. Martinentzat “sinestezina” izan da Villanuevarekin bat egin izana. 2022an Piolet d’Or sari entzutetsua irabazi zuen Villanuevak, Chaltén mendigunean bakardadean egindako zeharkaldiarengatik. “Seanekin bat egitea oso berezia izan da. Asko miresten dudan alpinista da, nire idoloa izan da denbora luzez. Halako batean elkar ezagutzeko aukera izan genuen eta lagun minak egin gara, elkarrekin eskalatzeraino”, azaldu du Martinek.

1976an Ragni di Lecco taldeko alpinistek ireki zuten bidetik hain zuzen Fitz Roy edo Cerro Chaltén. Mende erdian behin bakarrik errepikatutako bidea, 2011n eta Sean Villanuevaren eskutik, hain zuzen ere. Martin-Villanueva bikoteak apustua igo eta librean eskalatu zuten 1.200 metroko hormatzarra. “Hiru egun eman genituen hamaketan eskegita. Luze guztiak liberatu eta librean eskalatu genuen bide guztia. Sinestezina izan zen”, azaldu dio urduñarrak Aiaraldea Komunikabideari.

"Guztira hiru urte daramatzat Patagoniara joaten, eta hiru urte horietan hamaika kontu bizi izan ditut"

Pantaila handira

Aipatutako bi esperientzia horiek piztu zioten pelikula bat egiteko sugarra Tasio Martini. “Bi aktibitate. horietara nola iritsi nintzen kontatzeko gogoa nuen. Guztira hiru urte daramatzat Patagoniara joaten, eta hiru urte horietan hamaika kontu bizi izan ditut, abentura pilo, esperientzia asko, asko ikasi dut…”. Izan ere, balentriaz betetako denboraldiak igaro ditu urduñarrak bertan. 2024an, esaterako, Cerro Torre Argentina eta Txile arteko mendi ezaguna eskalatu zuen Filo Sureste-ko bide enblematikotik.

“Oso leku berezia da Patagonia. Bertako klimatologia, baldintzak, logistika…”, dio Martinek eta hori islatu nahi izan du dokumentalean. Octavi Ponce ekoizle eta lagunarekin jarri zen harremanetan horretarako eta azken hilabeteak grabaketan igaro dituzte buru-belarri. Patagoniako sokalagunei egindako elkarrizketak eta hiru urte hauetako eskaladetan hartutako irudi ikusgarriak uztartzen ditu dokumentalak. “Aitortza egin nahi nien bai Rafa eta Seani, baina baita Ibon, Marc, Mulero… eta Patagonian izandako gainerako kideei ere”, azaldu du Martinek.

Mendi Jardunaldiak

Tasio Martinen pelikulak emango die hasiera Mendiko Lagunak taldeak antolaturiko 2026ko Mendi Jardunaldiei. Kartelburu beteranoa da honezkero urduñarra, aurretik ere beste hainbat proiektu jendarteratu ditu Amurrioko Mendi Jardunaldietan; hala nola, Zanskar inguruan burututako eskaladak.

Beste bi proiekzio eskainiko ditu Mendiko Lagunak taldeak aurtengo jardunaldietan. Azaroaren 13an Sergi Ricart alpinistak El Río de los SIete Nombres filma aurkeztuko du. Bertan Tibetetik Vietnameraino bizikletaz egindako bidaiaren nondik norakoak azalduko ditu.

Azaroaren 14an, aldiz, Alumdena Moralesek Las Ocho de Hushé; Escaladoras de la Libertad proiektua aurkeztuko du. Filmak Pakistango Karakorum mendien bihotzean mendi-gidari izateko prestakuntza jasotzen duten zortzi emakumeren bizipenak biltzen ditu. “Ausardiaz, ametsez eta askatasunez betetako istorioa” Mendiko lagunak taldeko kideek aurreratu dutenez.

Proiekzio guztiak Amurrio Antzokian izango dira, 19:00etatik aurrera, eta sarrera doakoa izango da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide