Renfek C-3 linean ematen duen zerbitzuak lanuzteen eragina nabarituko du hurrengo hiru egunetan jarraian. Izan ere, SEMAF makinisten sindikatuak greba eguna deitu du bihar eta lanuztea ostegunean (06:20tik 09:20ra, 14:20tik 17:20ra eta 21:20tik 23:20ra).
Urdako istripu lazgarriaren eta Oscar Puenteren dimisioaren ondoren, makinisten ordezkariek Carlos Cuerpo Garraio Ministro berriarekin bildu eta emaitza positiboak iragarri arren, Gobernuaren eta langile erakundearen arteko adostasun nahikorik ez da sortu deialdia bertan behera geratzeko.
Gauzak horrela, gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte jadanik biharko aldirikoen zerbitzuan. Ordu puntetan (06:00-09:00 / 13:30-15:30 / 18:30-20:30) %75 izango da eta gainerako orduetan %50ekoa.
Horrez gain, aintzat hartu beharra dago asteazkenean ere greba egongo dela, baina orokorra, etxebizitzaren arazoa dela eta.
Gogoratu beharra dago urriaren 29an SEMAFek deitutako lanuzteak eragin handia izan zuela eta zerbitzu ugari ez zirela eman Aiaraldean. Gainera, matxura larria egon zen azpiegituran eta Gardea eta Urduña arteko ibilbidea autobusez egin behar izan zuten bidaiariek hainbat orduz.