Azken asteetan lehen planora egin du salto etxebizitzaren auziak, baita Aiaraldean ere. Horren isla dira tokiko erakunde publikoetatik esparru horretan abiatutako proiektuak: Okondo eta Artziniegako Udalek dirulaguntzak jaso berri dituzte alokairuzko etxebizitzak sustatzeko, Amurrion babes ofizialeko 60 etxebizitza amaitu ziren iaz eta Laudion beste 64 ari dira eraikitzen Goikoplazan. Arrankudiaga-Zollon, aldiz, urte amaieran entregatuko dituzte 12 udal etxebizitza kooperatiboen giltzak eta Orozkon herri kontsulta abiatu dute udalerriko diagnostikoa osatzeko.
Dena den, egitasmo horiek nekez bideratuko dute arazoaren tamaina. Datuak hor daude: eskualdeko 1.965 pertsona daude Etxebideko itxaron-zerrendetan, alokairuzko bizitoki baten bila gehienak. Baina beharra ez da zifra horretara mugatzen. Hasteko, Arakaldo, Arrankudiaga eta Okondoko eskatzaileen datuak ez dira publikoak, udalerri txikiegiak direlako. Horrez gain, jende asko ez dago itxaron-zerrenda horietan, baldintzak betetzen ez dituelako.
Era berean, estatistika horretatik kanpo geratzen dira baita ere eskualdean kale egoeran edo eraikin abandonatuetan bizi diren pertsona gehienak, edo arrazoi bategatik edo besteagatik Etxebiden alta ematera iritsi ez direnak. Beharraren dimentsioa, beraz, nabarmen handiagoa da.
Egon badaude
Baina etxeak egon, badaude; zehazki, 21.902 guztira eskualdean, Eustatek 2024an argitaratutako datuen arabera, 2010ean baino 1.839 gehiago. Etxebizitza horietatik 4.253 (%19,41) ez dira ohiko bizileku moduan erabiltzen urtearen zati gehienetan. Hau da, bigarren mailakoak dira (urtearen zati batean erabiltzen dira soilik), hutsik daude edo denboraldi laburretarako alokatzen dira.
Lehen bai, baina orain Eustatek jada ez du hiru kasu horien artean bereizten.Gauzak hala, zaila da erabat hutsik dauden etxeak zenbat diren zehaztea. Espainiako Estatistika Institutuak 2021ean eginiko azterketaren arabera, 1.880 etxe huts egongo lirateke orotara eskualdean, baina kontuan hartuta estatistika horrek ez dituela udalerri txikienen (Arakaldo eta Arrankudiaga-Zollo) datuak jasotzen eta kontsumo elektrikoa neurtuta ebazten duela etxe bat hutsik dagoen edo ez.
Eskualdean 42.803 pertsona bizi dira une honetan, etxebizitza bat dago ia bi pertsonako. Hori kontuan izanda, arazoa ez dirudi etxebizitza parkean dagonik, merkatuan baizik
Modu batean edo bestean, zifra anabasa horrek balio dezake ondorio batzuk ateratzeko: eskualdean 42.803 pertsona bizi dira une honetan, etxebizitza bat dago ia bi pertsonako. Hori kontuan izanda, arazoa ez dirudi etxebizitza parkean dagonik, merkatuan baizik.
Nahikoa da higiezinen atarietara begiratu azkar bat ematea horretaz jabetzeko. Artikulu hau idazten ari garen unean, eskualdeko 133 etxebizitza daude salgai Idealista atari ospetsuan. Alokairuan, aldiz, hiru baino ez, eta 1.000 euro baino gehiagoko bataz besteko prezioarekin. Gelak, aldiz, bi baino ez dira alokatzen, 450 euro baino gehiagotan biak.
Arazoa, beraz, ez da alokairuaren prezioa soilik, baita merkatuan dagoen eskasi orokortua ere. Higiezinen agentzia gehienek itxaron zerrendak dituzte eta, beraz, izar-uxoak bezain ezohiko eta iheskorrak bilakatu dira alokairuzko etxebizitzen iragarkiak.
Etxe hutsak merkaturatzea
Gauzak hala, bestelako neurri batzuk ere jarri dira abian azken urteetan tokiko erakundeetatik, hutsik dauden etxebizitzak merkatura ateratzea sustatzeko, Ondasun Higiezinen gaineko Zergan %50ko errekargua ezartzea kasu. Laudion, adibidez, 2024an ezarri zuten neurri hori. Horretarako, egoiliar gisa inor erregistratuta ez duten etxeen zerrenda plazaratu zuen Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean, 660 orotara.
Hautsak harrotu zituen erabakiak. EAJk salatu zuen informazio horrek "jabeen pribatutasuna" urratzen zuela, hainbat datu esanguratsu jasotzen zituelako: hutsik dagoen etxearen atariaren helbidea, katastroko erregistroko zenbakiaren zati bat eta baita jabeen NAN edota CIF zenbakien lau hizki.
Dena dela, datu horiek balio dezakete etxe hutsen nolakotasunean apur bat sakontzeko, jabetza pilaketari erreparatuz adibidez. Zerrenda horretan agertzen ziren jabe gehienek (394) etxebizitza bat dute hutsik gehien jota. 103 jabe daude bi etxe huts dituztenak, 11 jabe daude hiru etxe hutsekin, hiru jabe lau etxe hutsekin eta bana zazpi eta zortzi etxe hutsekin.
Hori kontuan hartuta, ondorioztatu daiteke Laudioko etxebizitza huts gehienak jabe askoren artean banatuta daudela, eta bankuek zein funts putreek ez dutela beste zonalde espekulatiboago batzuetan (hiriburuetan kasu) bezainbesteko presentziarik. Izan ere, zerrendan agertzen diren identifikazio zenbakiek gutxitan egiten dute bat Espainiako Estatuan jarduten duten banku eta funts putre ezagunenen CIF nagusiekin.
Gainera, 660 etxe hutsetatik 196k dute jabe bat baino gehiago. Horietako 43k lau edo gehiago dituzte, eta badaude muturreko kasu batzuk zeintzuetan hamar baino gehiago dauden. Horrenbeste jabe egotea ohikoa izaten da etxea herentzia batean sartuta dagoenean, eta baliteke etxea horregatik egotea hutsik: jabeak ez direlako ados jartzen eta, ondorioz, ez dutelako merkatura ateratzen.

Negozioa
Datuek iradokitzen dutenez, etxebizitzaren esparruan geroz eta arrakala handiagoa sortzen ari da merkatuaren eta eskualdeko biztanleek duten bizitoki premiaren artean. Eta geroz eta gehiago dira baita ere arrakala hori negozioa egiteko aukera gisa ikusten dutenak ere.
Azken hilabeteetan argitara atera da Rentalegi enpresaren jarduna, Xabier Eguia Basoak kudeatutakoa. Rent-to-rent deritzon teknika baliatzen du enpresari laudioarrak: pisuak alokatu egiten dizkie jabeei eta erreforma batzuk egiten ditu etxebizitza ahalik eta gela gehienetan banatzeko. Gela bakoitza modu berezituan azpi-alokatzen du ondoren eta, modu horretan, etxea osorik alokatuta lortuko lukeena baino nabarmen diru gehiago eskuratzen du. Bere hitzetan, 400 gela baino gehiago kudeatzen ditu modu horretan, eta 500 euro ingurutan alokatzen du bakoitza.
Dena den, Rentalegirena adibide bat baino ez da. Azken urteetan ugaritu egin dira mota horretako enpresak, baita eskualdean ere. Bitartekari funtzioa betetzen dute etxe hutsen jabeen eta etxe bila daudenen artean, lehenengoek zuzenean alokatzeari dioten beldur edo erreparoak eta bigarrenen premiak ustiatuta.
Korrontearen kontra
Merkatua horrelakoa dela esango luke baten batek. Baina Aiaraldean badaude korrontearen kontra dihardutenak ere. Amurrioko Ategin elkartea da horren adibide. Gainetik ikusita, antzeko jarduna egiten du elkarte horrek: bitartekari lanak egiten ditu jabeen eta alokairuzko etxeen bila daudenen artean. Baina bertako kideek badute funtsezko ezberdintasun bat: ez dutela ezer kobratzen trukean.
Hala azaldu zuten elkarteko kideek urte hasieran Aiaraldea Komunikabideari eskainitako elkarrizketan: “Jabeak oso mesfidatiak dira gaitasun ekonomikoak bermatzen ez dituen jendeari alokatzeari dagokionez, esaten dute adingabeek etxeak birrintzen dituztela… Gure helburua da bitartekaritza egitea jabeari bermatzeko gauzak ondo egingo direla, pisua ondo tratatua izango dela, sinatzen den kontratuari erantzungo zaiola… Horren guztiaren bermatzaile gisa jarduten dugu”. Elkarrizketa egin zen unean 60 pertsonarentzako bizitokia lortua zuten dagoeneko, 17 familia orotara.
Baina argi dute eurek nekez bideratu dezaketela arazoa. Euren hitzetan, “esku-hartze publikoa” behar da etxebizitzaren gaiari heltzeko, ezberdina orain arte egin denarekiko. Izan ere, uste dute orain arte “partxeak” jarri izan direla, “eta etxebizitzaren auzian partxeek ezer gutxirako balio dute”.
