Etxebizitza Aiaraldean

“Xabier Eguia Basoak esan zidan nire Amurrioko etxea eskualdeko enpresei alokatuko ziela langileei ostatu emateko, ez gelak baliatuko zituela pertsonen ohiko bizitoki moduan. Epaiketa izango dugu”

Txabi Alvarado Bañares 2026ko uztailaren 6a

Amurrion dago Andonik Xabier Eguiari alokatutako etxebizitza. / Googlemaps

Amurrioko etxe baten jabeak salaketa jarri du Xabier Eguia Basoa enpresariaren aurka, berarekin sinatutako alokairu kontratua ez betetzea egotzita. Bere hitzetan, ez zuen Eguiarekin adostu pisuko gelak pertsonen ohiko etxebizitza bilakatzea. 

Hiru urte bete dira Andonik (izen asmatua) Amurrioko bere pisua Xabier Eguia Basoaren esku utzi zuenetik. 2023ko uztailaren 1ean sinatu zuten alokairu kontratua enpresari laudioarraren Rentalegi konpainiarekin, 15 urteko iraupenarekin. “Bai, badakit kanpotik ikusita oso inozoa dirudiela horrelako iraupen luzea duen kontratu bat sinatzea. Berak eskatu zidan horrela izatea, negozioa finkatzeko denbora behar zuela argudiatuta”, aitortu dio Andonik Aiaraldea Komunikabideari, “ni ez nintzen Amurrion bizi jada, etxea hutsik nuen, ez nuen erabiltzeko beharrik eta gainetik kendu nahi nuen alokairua kudeatzearen ardura. Xabier ezagutzen nuen eta negozio bat abiatu zuela jakin nuenean berarengana jo nuen, gustuko baitut gazte ekintzaileak laguntzea”. 

Alokairu kontratua sinatu zutenean Rentalegik bost hilabete eskas baino ez zeramatzan enpresa moduan funtzionatzen. Andonik uste du berea izan zela Eguiak eskuratu zuen lehen pisuetako bat. “Xabierrek esan zidan une horretan ez zuela beste pisurik eskualdean, beste bat baino ez omen zuen Bizkaian”, azaldu du Amurrioko pisuaren jabeak. Urte horretako abuztukoa da baita ere Eguiak bere sare sozialetara igota duen bideorik zaharrena, zeinetan La voz del ladrillo izeneko podcast batean hitz egiten azaltzen den. 

Ordutik hona asko aldatu da egoera: enpresari laudioarrak sei konpainiako sare bat du eratuta gaur egun, eta 500 logela baino gehiago alokatuta dituela dio bere sare sozialetan. Rent-to-rent deritzon teknikan datza Eguiaren negozioa: pisuak alokatu egiten dizkie jabeei eta erreforma batzuk egiten ditu etxebizitza ahalik eta gela gehienetan banatzeko. Gela bakoitza modu berezituan azpi-alokatzen du ondoren eta, modu horretan, etxea osorik alokatuta lortuko lukeena baino nabarmen diru gehiago eskuratzen du. 

Pisu osoagatik 550 euroko errenta adostu zuten 2023an sinatutako 15 urterako kontratuan, “komunitate gastuak eta garaje plaza barne”. Antzeko prezioagatik alokatu ohi du Eguiak gela bakoitza.

Andoniren etxea da horren adibide argia. Pisu osoagatik 550 euroko errenta adostu zuten 2023an sinatutako kontratuan, “komunitate gastuak eta garaje plaza barne”. Antzeko prezioagatik alokatu ohi du Eguiak gela bakoitza, Aiaraldea Komunikabideak aztertu ahal izan dituen kontratuen arabera. Andonik ez daki bere etxean zenbat jende bizi den, baina uste du hiru gela alokatzen direla, hasieran Eguiak esan ziolako egongelan hirugarren logela bat atonduko zuela. Kalkuluak sinpleak dira: mila euro ingurukoa izan daiteke irabazia. 

Hasierako asmoa, “enpresei alokatzea”

2023an sinatutako kontratu horretan zehazten da Andoniren pisua ez zela “ohiko etxebizitza” moduan baliatuko. Kontrara,  “jarduera ekonomiko bat” egiteko baliatuko zela dio dokumentuak, “gelen berralokatzearen bidez”. 

Baina Andonik Xabier Eguiarekin adostu zuenak ez du zerikusirik enpresariak gaur egun sustatzen duen ereduarekin, Amurrioko etxearen jabeak ziurtatu duenez: “Xabierrek esan zidan eskualdeko enpresei berralokatuko ziela nire etxea, hona aldi batez lanera etorri behar zuten beharginei ostatu emateko”.  

“Xabierrek esan zidan eskualdeko enpresei berralokatuko ziela nire etxea, hona aldi batez lanera etorri behar zuten beharginei ostatu emateko”

12 pertsona erroldatuta hiru urtetan

Xabier Eguia Basoak berak azalpen hori eman zuen 2024ko irailaren 24an eginiko komunitate bileran. Enpresariak batzar horretan parte hartu zuen hainbat bizilagun “zaratengatik, ekintza ez-zibikoengatik eta pertsonen joan-etorriagatik” kexatu zirelako. Bertan azaldu zuen pisua gelaka alokatzen zuela “normalean, beste erkidego batzuetatik lan puntualak egitera datozen familia edota langileei”, bilerako aktan jasotzen denaren arabera. 

Baina ordurako Andonik bazuen hori horrela ez zelako susmoa. “Bizilagun batek deitu ninduen 2023ko udazkenean, pisua Airbnb edo pisu turistiko bilakatu ote nuen galdetuz”, azaldu du. Auzokide hark esan zionez, etengabekoak ziren pertsonen joan-etorriak, eta asteburuetan zarata handia zegoen. Etxean bizi ziren pertsonen profilak ere piztu zituen Andoniren alarmak: “Bizilagunek zioten ama bat eta alaba bat zeudela etxean bizitzen”.

Azken hiru urteetan 12 pertsona egon dira erroldatuta etxean, eta gaur egun hiru daude. Hala dio Amurrioko Udalak jabeari emandako agiriak. 

Baina proba argiena aurtengo maiatzean eskuratu du Andonik: Amurrioko Udalaren errolda agiria. Dokumentu horrek dioenez, azken hiru urteetan 12 pertsona egon dira erroldatuta Andoniren etxean, eta gaur egun hiru daude. “Horrek argi uzten du bertan egon direnak ez direla enpresen langile puntualak izan, pisua ohiko etxebizitza moduan baliatu duten pertsonak baizik”, nabarmendu du jabeak.

Honi lotuta, kontuan izan behar da Eguiak ez diela fidantza itzultzen geletan bizi diren pertsonei hauek etxetik deserroldatzen diren arte, eta hori egitea ez dela legezkoa, Aiaraldea Komunikabideak kontsultatutako iturri juridikoen arabera

Eskaerak eta salaketa  

Andonik aitortu duenez, hasieran Xabierrek bazuen egoera bideratzearen aldeko jarrera, baina 2024ko irailaren 24ko bizilagunen batzar hori inflexio puntua izan zen. “Orduz geroztik bere jarrera aldatu egin zen eta ez zen berriro bilera batera agertu. Nik hainbat aldiz esan nion alokairu kontratua bertan behera utzi nahi nuela, baina duela urtebete inguru utzi zioten nire mezu eta telefono deiak erantzuteari, bai berak eta baita nirekin harremanetan jarritako Rentalegiko beste langile batek ere”, azaldu du Andonik. 

Ertzaintza eta udaltzaingoa hainbat aldiz joan dira pisura azken urtean, kasu gehienetan bertako bizilagunen arteko gatazkak direla eta.

Gauzak hala, iragan otsailaren 9an burofax bidez bidali zion kontratua eteteko eskaera formala. Martxoaren 25ean, aldiz, komunitate batzar monografikoa egin zuten, afera hori soilik lantzeko. Izan ere, bizilagunen tentsioa nabarmen handitu zen ordurako. Ertzaintza eta udaltzaingoa hainbat aldiz joan dira pisura azken urtean, kasu gehienetan bertako bizilagunen arteko gatazkak direla eta. Andoni azalpenak ematera joan behar izan zen bertara, eta egun berean erabaki zuen Eguiaren aurkako salaketa jartzea, 2023ko kontratuan adostutakoa ez betetzea egotzita. 

Pisuak Rentalegi bezalako enpresei alokatu edo etxe turistiko bilakatzea debekatzea erabaki zuten blokeko bizilagunek martxoan, "gaur egun gertatzen ari diren egoera eta arazo larriak bezalakoak saihesteko".

Horrez gain, martxoko batzar horretan bertan beste erabaki bat hartu zuten bizilagunek, aktan jasota geratu zena: blokeko etxeak Rentalegi bezalako enpresei alokatzea edo etxebizitza turistiko moduan baliatzea debekatzea, "gaur egun gertatzen ari diren egoera eta arazo larriak bezalakoak saihesteko".

Ekainean jaso zuen Andonik Eguiaren mezu bat, bere abokatuaren eskutik. Etxea Rentalegiri saltzea proposatu zioten, baina berak argi du ez duela hori egingo, “horrek ez lukeelako arazoa konponduko”. Gauzak hala, epaitegietan aurrera egingo du salaketak, eta urrian izango da epaiketa. 

“Engranaje baten parte”

Hilabete hasieran egin zuen salto Xabier Eguia Basoaren izenak esparru publikora, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak leporatu zionean Durangoko familia bat indarrez kanporatzen saiatzea berak azpialokatutako etxe batetik. 

Hain zuzen, albiste horren berri jaso zuenean erabaki zuen Andonik Aiaraldea Komunikabidera jotzea. “Nik gauzak ondo egin nahi nituen, baina orain konplize sentitzen naiz. Berak ezin du egiten duena egin etxebizitzak ez baditu, eta nik etxe bat utzi nion hori egiteko, eta gainera arazoak ematen dizkit nire auzokideekin, uneoro egon behar naizelako eurekin hitz egin eta gatazkak bideratzen. Nire izaerak eta baloreek ez dute horrekin bat egiten. Iruzur egin dit, baina ni ez naiz biktima bakarra izan. Berak sortutako zabor-engranaje horren beste pieza bat baino ez naiz izan”. 

"Nire izaera eta baloreek ez dute horrekin bat egiten. Iruzur egin dit, baina ni ez naiz biktima bakarra izan. Berak sortutako zabor-engranaje horren beste pieza bat baino ez naiz izan”

Xabier Eguiaren erantzunik ez

Aiaraldea Komunikabidea behin baino gehiagotan jarri da harremanetan Xabier Eguia Basoarekin berari buruz azken asteetan plazaratutako informazioei buruzko adierazpenik egin nahi duen galdetzeko, baina enpresariak ez du ezer esan nahi izan. 

Komunikabidea iragan asteartean jarri zen harremanetan azkenekoz Rentalegi enpresaren jabearekin artikulu honen harira, baina azken mezu horri ere ez dio erantzun momentuz. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide