Hainbat belaunaldiren ahotsak pilatzen dituzte Aiaraldeko paretek, graffitien bidez

Txabi Alvarado Bañares 2016ko aza. 3a, 23:42

Ez dira gutxi Aiaraldean graffitiz beteta dauden paretak. Oso mota eta egoera ezberdinetako margolanak topatu daitezke eskualdean barrena. Badaude duela gutxi eginak izan direnak, oraindik tinta freskoa dutela nabaritzen zaienak. Baina badirabaita denboraren poderioz lausotzen joan direnak ere, graffitigileek Aiaraldean urteak daramatzatenaren seinale.

Ez dira gutxi Aiaraldean graffitiz beteta dauden paretak. Oso mota eta egoera ezberdinetako margolanak topatu daitezke eskualdean barrena. Badaude duela gutxi eginak izan direnak, oraindik tinta freskoa dutela nabaritzen zaienak. Baina badirabaita denboraren poderioz lausotzen joan direnak ere, graffitigileek Aiaraldean urteak daramatzatenaren seinale.

Erreportaje hau egiteko Aiaraldea Egunkariak elkarrizketatutako graffitigile guztiek data berdintsuetan kokatzen dute fenomenoaren jaiotza: 90. hamarkadaren hasieran. Garai hartan hasi zen “Aske” ezizeneko graffitigilea eskualdeko paretak bere sinaduraz betetzen. “Motibazioa politikoa zen”, oroitu du, “artearen bidez errealitatea islatzea zen asmoa”. Presoen askatasunaren aldeko hainbat dinamiketan hartu zuen parte Askek, eta hainbat mural egin zituen eskualdean barrena “PreS.O.S.” lemarekin. Gasteizko jendearekin zuen harremana gehienbat. “Gaur egun sekulako mugimendua dago bertan”, azaldu du, “oso mural egile onak daude”.

NKR eta Potekumeak
Urteek aurrera egin zuten, eta handik gutxira sortu ziren lehen graffitigile kolektiboak. 1994an NKR eratu zen (Ke No te korte el Rollo el puto sistema de mierda gazteleraz). Talde horretan bildu ziren eskualdeko hainbat artista: Kush, Azuri, Chaos, Haer, Oner edota Punky, besteak beste.

Taldeak ez zuen denbora asko behar izan Euskal Herriko beste kolektibo batzuekin harremana garatzeko. Modu horretan jaio zen Potekumeak graffiti taldea (PKM). Lau talde barnebiltzen zituen sigla berri horrek: NKR (Aiaraldea), 1314 (Nerbiogoiena), NG (Bilboko “eskola zaharra”) eta Bakearen Sexua Hiria (BSH, Gernika). Taldeak funtzionamenduan jarraitzen du gaur egun. Muralak edota “street art”-aren beste diziplina batzuk jorratzen dituzte, eta jardunaldi eta topaketa askotan hartzen dute parte.

Belaunaldi berriak
Baina mugimendua ez da soilik 90. hamarkadatik margotzen dabiltzan horiei esker mantendu. Badaude baita belaunaldi berriak. Horren adibide dira Sudor margolaria edota BDS kolektiboa. Talde horren barruan daude Joker, Caus, Siner edota Urbh graffitigileak, besteak beste. Siner, adibidez, 2009an hasi zen margotzen. “Sprayak baino, pintura plastikoa erabiltzen dugu sarritan”, zehaztu du, “merkeagoa da eta garbiguneetan topatu daiteke”. Aiaraldean margotzen dute gehienbat, kaleetako hormetan zein poligonoetan; baina batzuetan Bilbo edota Gasteizera ere gerturatzen dira, bertako beste graffitigile batzuekin aritzeko.

Margotzeko orduan legearekin izan ditzaketen arazoen inguruan galdetuta, “toki lasaiak” eta “toki azkarrak” bereizten ditu Sinerrek. “Fabrika abandonatu batean, adibidez, kale batean baino askoz lasaiago marraztuko duzu. Hori bai, badaude baita kalearen erdian egunez aritzen diren margolariak. Bi kono jartzen dituzte baimena dutenaren sentsazioa emateko, eta lasai asko egiten dute lan”.

Hala ere, Sinerrek argi du instituzioek graffitigileei lagundu beharko lieketela. “Udalek paretak eskaini beharko liekete margotzeko prest daudenei”.
Belaunaldi berriak etengabe sortzen ari direla ziurtatu du Sinerrek. “Gazte asko hasi dira margotzen”, azaldu du, “baina gero gehienek utzi egiten diote margotzeari”. Emakume graffitigileak, gainera, gutxi dira. Potekumeak taldean badaude batzuk, baina horietako bat bera ere ez da Aiaraldekoa.
Esaten dutenez, artista gisa talentu handia izatea ez da ezinbesteko baldintza mundu horretan hasterako orduan. “Niri txikitan ez zitzaidan margotzea gustatzen”, ziurtatu du Sinerrek, “baina behin hasita ezin zara gelditu, adikzioa sortzen du”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide