“Nire familiako kideak islatuak agertzea bilatu dut liburuko olerkietan”

Txabi Alvarado Bañares 2016ko urr. 12a, 13:13


Bere bosgarren poesia liburua plazaratu berri du INMA DIEZ GONZALEZek (Amurrio, 1963). Literatura esparru horretan egin duen ibilbidearen inguruan mintzatu da.

Brumas de plata argitaratu zenuen 2010ean, Tus alas 2011an, Rumor de nieve 2012an eta Las horas silenciosas 2013an. Orain Los surcos de la vida plazaratu berri duzu. Bost liburu zazpi urtetan, ez da lan makala.


Bere bosgarren poesia liburua plazaratu berri du INMA DIEZ GONZALEZek (Amurrio, 1963). Literatura esparru horretan egin duen ibilbidearen inguruan mintzatu da.

Brumas de plata argitaratu zenuen 2010ean, Tus alas 2011an, Rumor de nieve 2012an eta Las horas silenciosas 2013an. Orain Los surcos de la vida plazaratu berri duzu. Bost liburu zazpi urtetan, ez da lan makala.

Ia liburu bat atera dut urteko, bai. 2013an geldialdi bat izan nuen. Ordutik lan asko egin dut nire olerkien hautaketa bat egiten. Uste dut nire buruarekin geroz eta zorrotzagoa bilakatzen ari naizela. Adierazi nahi dudana hobekien islatzen duten olerkiak hautatzen ditut soilik.

Nola egin duzu hautaketa hori?

Blog bat dut. Bertan eta Facebooken hasi nintzen olerkiak argitaratzen. Hortaz gain, baditut baita agian inoiz argitaratuko ez ditudan zenbait idazki ere. Baina liburu hau denbora igaro ahala joan da itxura hartzen. Los surcos de la vida liburuak esanahi oso berezia dauka, gu guztiok bizitzan dugun ibilbidearen inguruan mintzatzen delako: izaten ditugun erorketen inguruan, berriz altxatzen ikasi beharraz... apurka apurka joan naiz ibilbide hori josten.

 

“Liburu hau oso berezia da niretzako, nire aitaren eskuak azaltzen dira azalean”

 

Zimurrez (“surcos”) betetako eskuak dira, lan egin duen pertsona baten eskuak. Hori da liburuan jorratu nahi izan dudana: berriz altxatzen jakin behar dugula eta bizitzan gertatzen zaigun guztietatik ikasi daitekeela.

Ikuspegi positibo bat eman nahi izan diozu, beraz.

Badaude baita maitasunari eta desamodioari buruzko olerkiak. Baina bai, erantsi nahi izan diot baikortasun puntu hori. Beti izan behar dugu gertatzen zaigunaren pisua, baina pisu hori aurrera joateko baliatu behar dugu.

Liburu berezia dela diozu. Zertan ezberdintzen da argitaratu dituzun beste lanetatik?

Idazten hasi nintzenean asko erabiltzen nituen metrika eta errima. Baina orain geroz eta gehiagotan aritzen naiz bertso librean. Gogoko dut prosa poetikoa.

 

“Edukiei dagokionez, amodio eta desamodio gaietan dihardut oraindik, baina gogoko dut baita gai sozial edo aldarrikatzaileak jorratzea”

 

Liburu honetan familiaz ere mintzatu naiz. Agian horretan ezberdintzen da obra hau aurrekoetatik. Nire familia kideak islatuak egotea bilatu dut olerkietan.

Nola eman zenuen blog batean idaztetik liburu bat argitaratzerainoko saltoa?

Modu apur bat zoroan izan zen dena. Urte asko neramatzan idazten, baina argitaratzeko asmorik gabe. Lotsa ematen zidan argitaratzeak, eta ez nuen uste nik idatzitakoa inori interesatuko zionik.

Baina idatzitakoa partekatzeko gogoa sortu zitzaidan. Facebooken argitaratzen hasi nintzen. Bertan ikusi nuen jende ugarik bloga zuela, eta nire blog propioa egitera animatu nintzen orduan. Bisita ugari jaso nituen, eta erabaki nuen nire olerkien hautaketa bat egin eta paperera eramatea. Hautu apur bat zoroa izan zen, gogo zein beldur askorekin hartutakoa. Oso pertsona lotsatia naiz ni, asko kostatzen zait gauzak azaleratzea. Baina gogoek nire lotsa guztiak gainditzea lortu zuten.

Argitaratu dituzun liburuek balio izan dizute publiko gehiagorengana iristeko?

Denok dakigu poesiaren zabalpena mugatua dela. Ez da eleberri baten moduko zerbait, zaletu gutxiago daude. Nik uste dut bakoitzak sinisten eta sentitzen duen hori egin behar duela. Baliteke noizbait beste zer edo zer idaztea, baina orain poesia egin nahi dut.

Ez duzu inoiz izan prosara salto egiteko tentaziorik?

 

“Baditut gogoak nobela bat idazteko. Baina oraindik ez naiz horri begira jarri”

 

Poesiaren alorrean sentitzen naiz erosoen, baina noizbait emango dut saltoa.

Eta poesiaren alorrean baduzu bestelako proiekturik buruan?

Liburuaren aurkezpena egingo dut Amurrion. Badaukat baita Bilbon eta Gasteizen aurkezteko asmoa, eta udaberrian agian Bartzelonan. Apurka apurka joango naiz mugitzen, ditudan baliabideen arabera.

Zure kabuz argitaratu duzu liburua, argitaletxerik baliatu gabe. Zergatik?

Oso zaila da argitaletxeek zugan konfiantza jartzea.

 

“Azken liburu honekin jaso izan dut argitaletxe baten eskaintza. Baina baldintzak hain ziren txarrak nahiago izan dudala nire kabuz egiten jarraitu”

 

Argitaletxe horrek jarritako baldintzekin argitaratu izan banu, salmenten irabazien % 10a baino ez nuke jasoko. Hau da, ez nuke hasieran inbertitutako kapitala berreskuratzeko betarik izango. Niretzako dirua ez da dena, baina ezin nintzen ezta horrenbeste diru galtzera arriskatu.

Non lortu daiteke liburua?

Amurrioko liburutegietan egongo da salgai, herrian egingo dudan aurkezpena baino egun batzuk lehenago. Laudion ere badut salgai jartzeko asmoa, eta Gasteiz eta Bilbotik ere mugituko dut. Aukera dago baita internet bidez eskuratzeko: Amazonen, Agapean edota Circulo Rojo argitaletxean.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide