"Euskal Etxerik gabe ez dakit zer egingo nuke nik Parisen!"

Erredakzioa 2016ko ots. 15a, 07:45

LOREA IBAÑEZ (Amurrio, 1987) Parisera joan zen Erasmus beka bati esker eta geroago bertan geratu geratu zen lanean. "Makila" ikuskizunean parte hartu du, Pariseko Euskal Etxeko kidea baita.

Pariseko Euskal Etxean prestatu duzue "Makila" ikuskizuna, azalduko diguzu zertan datzan?

Makila Ikuskizuna Pariseko Euskal Etxeko Gazteria dantza taldeak eta Gernika Abesbatsak sorturiko lana da.

Pariseko Euskal Etxean prestatu duzue "Makila" ikuskizuna, azalduko diguzu zertan datzan?

Makila Ikuskizuna Pariseko Euskal Etxeko Gazteria dantza taldeak eta Gernika Abesbatsak sorturiko lana da.

“Ikuskizuna euskal ohituren transmisioari buruzkoa da, eta bertan euskal dantzak, abestiak zein musika bateratzen dira”.

Makilak, euskal kultura (dantzak, ohiturak, festak, euskera, etab.) arbasoetatik ikasitakoa eta hurrengo belaunaldiei zabalduko dela adierazi nahi du.

Zenbat denbora behar izan duzue prestatzeko eta zerk osatzen du? Zenbat aldiz egin duzue eta non?

Proiektua prestatzeko hiru urte behar izan dira, ni duela urte eta erdi hasi nintzela haiekin prestatzen.

Lan asko egin behar izan dugu, batez ere, Pariseko Euskal Etxeko partaideak orok ez direlako Parisen bizitzen, periferiako herrixketan baizik.

Beraz, mundu guztia batzeko -(50 pertsona oro har), adin ezberdinetakoak (15 urtetik 60 urteetara) eta lan ezberdinetakoak-, asteburu asko behar izan dugu elkarlanean aritzeko.

Bertan euskal dantzak zein dantza irlandarrak, musika zelta eta euskaldunak landu ditugu.

Lan horren guztiaren emaitza hiru ikuskizunetan adierazi dugu, lehenengokoa Parisen 2015eko urtarrilean, ondoren Dijonen (Frantziako hiri batean) eta momentuz azkena izan da Euskal Herrian, Luhuson.

Zer nolako harrera izan du ikuskizunak? Zer publiko mota izan duzue?

Harrera bikaina izan du Makilak, Parisen ez genuen hainbeste jende espero eta azkenean 600 eserlekuko antzokia bete genuen!

Dijonen ere, bi ekitaldi egin behar izan genuen oso gustukoa izan zutelako.

“Euskal Herrian ere jende asko geratu zen sarrerarik gabe”.

 Publiko motari dagokionez, denetarik izan dugu, euskal kulturarekiko kurioso asko, baita Euskal Herrira oporretan datozenak eta jaietan dantzak ikusi dituztenak.

Nola eta zergatik hurbildu zinen Euskal Etxera eta lagundu zenuen "Makila" ikuskizunean?

Dagoeneko badira hiru urte Parisen nagoela, hasiera batean "Erasmus" moduan joan nintzen eta gero lan egitera geratu nintzen.

“Euskal Etxera hurbiltzea erabaki nuen, Parisen epe luzerako geratuko nintzela jakin nuenean”.

Etxetik hurbilago sentiarazten nau, beraz, dantza taldean parte hartzea erabaki nuen eta zuzenean sartu ninduten Makilan!!! Pentsatzeko denborarik ez!

Hortaz, dantza guztiak ikasten hasi eta urte eta erdi ondoren hor nengoen Pariseko antzoki batean, publikoaren aurrean dantzatzen Gazteria taldearekin.

Euskal Etxean nolakoa da giroa, zer egiten duzue bertan, zer ematen dizu proiektuak?

Giro zoragarria dugu Pariseko Euskal Etxean, aurten gainera 60 urte betetzen ditu, eta urtean zehar hainbat ekitaldi prestatu ditugu.

Ekitaldi mota ezberdinak ditugu: bazkariak, sagardotegiak, hitzaldiak, Rugby partiduak, mezak, mus txapelketak, dantzaldiak, etab. Iaz lehendabiziko korrika antolatu genuen, itzela!

Guztiok boluntarioak gara, eta bertan lan egiten dugu bakoitzak ahal duen heinean. Giroa aparta da! Niretzat hoberena, jendearekin partekatzen dituzun istorioak dira, guda garaiko jende asko dago, eta haiek milaka kontakizun dituzte, oso xelebreak dira eta gazteekiko duten konplizitatea oso polita da.

Euskal Etxerik gabe ez dakit zer egingo nuke nik Parisen!

Amurriokoa izanik, nola moldatzen zara Parisen, zer nabaritzen duzu falta zaizula?

Amurriokook edozertara moldatzen gara! Gainera, Paris oso hiri polita da eta zorte handia daukat erdialdean bizitzen bainaiz.

Dena den, gauza asko botatzen ditut faltan: mendiak, itsasoa, janaria, etab. Horregatik noizean behin etxetik pasatzen naiz lagunak ikusteko, ondo jateko, euskal mendiak zein Kantauri itsasoa ikusteko.

Pariseko gertakariak aipatzea saihestezina denez, nola bizi izan zenituen erasoak? Hiriko giroa aldatu da ala berriro normala da? Euskal Herrira itzultzeko gogoak areagotu zaizkizu?

Zorte handia izan nuen gertakariak egon ziren lekutik urrun bainengoen, hala ere, bi egun lehenago "Republique"-tik ibili nintzen parrandan, hori baita jende gaztea ibiltzen den lekua.

Hasieran beldur handia sentitzen duzu, leku horietan zu egonda baitzaude eta zuri gertatu ahal zaizula jakinda hotzikarak sortarazten dizkizu.

Egunak aurrera joan ahala eguneroko bizitza egiten hasten zara, baina esan beharra dago, jende gutxiago dagoela kaletik eta dendetatik, oraindik beldur asko antzematen da.

Nik Euskal Herrira bueltatzeko proiektua daukat baina momentuz hemen geratuko naiz, behintzat urte amaiera arte.

 

 



LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide