Frontoi kaleko lanei dagokionez urriaren 30ean itxiko du udalak iradokizunak jasotzeko epea, I. fasean behintzat. Kale horretan egingo den proiektua osatzeko herritarren iritzia jaso nahi du udalak. Horretarako interesdunek 945 891 161 telefono zenbakira deitzeko, partehartzea@amurrio.org helbidera mezua bidaltzeko edo udaletxeko 1. solairura jotzeko aukera izango dute.
Udalak proposamen guztiak aztertzeko eta erantzuteko konpromisoa hartu du. Aurrerago beste partaidetza prozesu bat abiatuko du erakundeak, proiektua behin betiko idazteko.
Diru-laguntza
Frontoi kaleko lanak Foru Planean aurkeztuko dituzte eta diru-laguntza lortuz gero 2016an gauzatu nahiko lituzteke. Aurretik egindako planetan jasotako irizpideak jarraituz osatuko dute proiektua: ibilgailuen trafikoa baretuz, espaloi bakarra jarriz edo oinezkoei lehentasuna emanez.
Horietaz gain beste ideia batzuk badituzte -guneko bizi-kalitatea hobetu, kutsadura mailak murriztu, merkataritza dinamizatu...- baina ezinbestekotzat jo du udalak herritarren iradokizunak biltzea. Printzipioz 1.203.000 euroko aurrekontua izango dute lanek.