"Jende askok galdetzen digu Podemos/Ahal Dugu hauteskundetara aurkeztuko garen"

Erredakzioa 2015ko urt. 20a, 13:51

 

Angel Jimenez (Amurrio, 1965), Marina Garcia (Amurrio, 1978) eta Kepa Gonzalez (Laudio, 1960) Podemos/Ahal Dugu Amurrion daude. Taldea nola eratu den eta etorkizunean izango dituzten erronkei buruz mintzatu dira.

 

Angel Jimenez (Amurrio, 1965), Marina Garcia (Amurrio, 1978) eta Kepa Gonzalez (Laudio, 1960) Podemos/Ahal Dugu Amurrion daude. Taldea nola eratu den eta etorkizunean izango dituzten erronkei buruz mintzatu dira.

Nola sortu zen Amurrioko zirkulua?

AJ: Europar hauteskundeen harira sortu zen, ni ahaldun gisa ibili nintzen. Horren ostean batzar irekiak egin genituen eta jendea gehitzen joan zen.

KG: Batzar ireki horietan zenbait talde sortu ziren: politikoa, antolakuntza eta sareena, funtsean.

Uda heltzerakoan apur bat gelditu zen prozesua, baina bukatu bezain laster elkar ezagutu dugu; barne mailan antolatu gara jakinda Madrilen zenbait urrats eman behar zituztela estatu osoan eragiteko.

Bitartean taldea egonkortu eta sendotu da, eta hainbat eztabaida eta proposamen egin ditugu. Orain heldu da zirkulua udalerrian balioztatzeko garaia. 
Aldi berean, hurrengo hiru urteetako antolakuntza eta politika gidatuko duen dokumentua onartu dugu.

AJ: Zentzu horretan eskatu digute idazkari nagusia hautatzeko eta nik nire burua aurkeztu nuen, zirkuluaren kide askoren eta senideen babesa sentitu nuelako. Motibatuta nago eta uste dut aldaketa politiko, soziala eta ekonomikoa beharrezkoa dela. Eta berehala.

Jende askok parte hartu du prozesuan?

AJ: Amurrion 58 pertsonek izena eman dute. Guztiok ez dugu elkar ezagutzen, batzuek ez dutelako parte hartzen nahiz eta izena eman, baina taldeetan 35 pertsona inguru aritu gara.

Zer nolako jende mota hurbiltzen da Podemos/Ahal Dugu proiektura?

MG: Oso anitza da. Hori da niri gehien gustatzen zaidan gauzetako bat. Adinaren aldetik badago jende gaztea zein nagusia, 20 eta 70 urte arteko jendea dago eta pertsona berriak gerturatzen daude.

Ikasketen aldetik ere oso anitza.

Eta ibilbide politikoaren ikuspuntutik, jende berria da?

KG: Jende nagusiak esperientzia dauka esparru sindikalean, gehienbat. Edo mugimendu sozialetan: etxegabetzeen aurka, kulturgintzan, elkartegintzan... 

Baina pertsona askoren motibazio nagusia gauzak aldatzea da aurrekoarekin etsi dutelako eta gazte askok etorkizun eza eta antolatzeko beharra ikusi dute konponbidea topatzeko. Herri honetan gezurretan eta lapurretan ari dira.

Horrek motibatu gaitu politikan sartzera, jende askok aldatu nahi ditu gauzak.

Egindako lanaren ardatzak zeintzuk dira?

MG: Batzarrak onartutako dokumentu politikoa oinarritzat hartuz hurrengo esparruek osatzen dituzte Podemos/Ahal Dugu Amurrio: hiritarren batzarra -erabakitzeko eta eztabaidatzeko esparru nagusiena-, zirkuluen batzarrak -edonork parte hartu dezake, nahiz izena eman ez- eta lan taldeak -hauek ere irekiak dira-.

Estatuko antolakuntzak eskatu digu idazkari nagusia izendatzea. Hala egin dugu, eta koordinazio kontseilua ere badugu; 9 pertsonek osatzen dute, idazkari nagusia eta 8 arloetako kideak.

KG: Bestalde, badago kode etikoaren kontua. Izena ematen duenak zenbait baldintza bete behar ditu: kulturaniztasuna errespetatzea, ez lapurtzea, ez esatea gezurrik... guretzat hori garrantzitsua da alderdi ezberdina izateko, demokratikoa izateko.

Gainera, zehaztu dugu karguak mugatzea. Barne mailan zein kanpo mailan. Jendea aldatu behar da, ezin gara itzuli politika zaharrera eta politiko profesionalak sortzera. Guk alderdi-negozioak deitzen diegu horiei.

Jende arruntak egin behar du politika. Karguak borondatezkoak dira eta taldeari zein gizarteari ekarpena egiteko helburua dute.

Norekin dauka harremana Podemos/Ahal dugu Amurriok?

AJ: Nik Gastezikoekin daukat harremana baina beste batzuk Bilbokoekin egon dira gehiago harremanetan. 

Baina guztiekin dugu harremana; azkenaldian Euskadiko Kontseilua sortzen ari denez talde gehiagorekin egon gara harremanetan, Gipuzkoakoekin ere. Laudio eta Okondo ere daude, bestalde.

KG: Apurka-apurka egiturak sortzen ari dira. Orain arte ez gara eratu eta ondorioz pertsona gisa koordinatzen ginen Arabako Koadrilekin. 

Euskal Herri mailan, berriz, bozeramaileak izendatu arte existitzen zen koordinazioarekin aritu izan gara.

Baina aro hori bukatu da, udalerrietan hautaketa prozesua amaitu den modu berean EAEko hautaketa prozesua daukagu orain. Otsailean hautatuko da idazkari nagusia eta 35 pertsona gehiago, horiek osatuko baitute Hiritarren Kontseilua. 

Horiek antolatu beharko dute eta erabakiak hartu arazoei aurre egiteko: hauteskundeek eta jendeak sortzen ari diren energia positiboa erabili dagoen egoera politiko, ekonomiko eta soziala aldatzeko.

Nolako harrera izan du proiektuak Amurrion?

AJ: Nik denetarik ikusten dut baina azkenaldian jendeak asko galdetzen du ea aurkeztuko garen hauteskundetara. Jendeak eskatzen du. 

Ezinegon hori daukate, jakin nahi dute urratsa emango dugun. 

KG: Argi dago europar hauteskundetan emaitza batzuk eman zirela. Ia 300 boza egon ziren eta udal hauteskundeak ez dira gauza bera baina Podemos/Ahal Dugu-tik at, tabernetan, fruta-dendatan... lehen politikari buruz hitz egiten ez zen esparrutan alderdi berri bati buruz mintzatzen da jendea. Oraindik ez dago guztiz itxita eta ez dio erantzuten munduan dagoen arazo orori. Baina sumatzen da horri buruz hitz egiten dela eta baita ustelkeriaren inguruan ere.

Jendea ugarik uste du zerbait berria sortu behar dela.

Eta Amurriorentzat zein da daukazuen ekarpena?

AJ: Nik politika energetikoen kontuari garrantzia emango nioke. Udalaren inprimakietan jartzen du Garoñako zentral nuklearraren aurka dagoela baina ez dira neurriak hartzen azpiegitura hori desagertzeko behingoz.

Eta horretan eragin dezakegu. Erakunde guztiek bermatu beharko lukete kontsumitzen duten energia energi iturri garbien bitartez sortzea. 

Ekarpen oso interesgarria iruditzen zait.

KG: Garrantzitsuena gardentasuna eta herritarren partaidetza da. Sistema hau oso iluna da eta herritarren partaidetza ezin da izan fetitxea.

Duela gutxi Amurrioko Udalak inkesta egin du herritarren artean eta 8000 pertsona baino gehiagoren artean 258k erantzun dute.
Eta hori ez da jendeak parte hartzeko gogorik ez duela, baizik eta badakiela benetako aldaketarako tarterik ez dagoela. 

Guri oso interesgarria iruditzen zaigu partaidetzarekiko etsipenaren joera aldatzeko. 

Deialdia egiten diogu jendeari informatu dadin eta parte hartu dezan. Ez diegu esaten Podemos/Ahal Dugun izena ematea, baina guregan eragina duten erabakiak guztion artean hartu behar dira.

Aurrekontuak ere gardenak izan behar dute, eta guztion artean lortu behar dugu hori. Eta hori guk ezin dugu lortu, pertsonek egin behar dute aldaketa hori.

Programan aipatu dugu, bukatu daitekeen mundu honetan ezin ditugu erregai fosilak erabili inoiz bukatuko ez balira bezala eta enpresa energetikoen mesedera gainera. Hori aldatu behar da. 
Eta udal esparruaren aldetik, mugatua den arren, energi iturri berriztagarri eta garbiak sustatu behar dira, esperientzia ugari baitaude; Goiener, adibidez.

HAPOa ere hurrengo legealdian onartu beharko litzateke eta ez etxebizitza gehiago eraikitzeko, baizik eta beste irizpide batzuekin.

Ekonomian, zerbitzu asko pribatizatu dira eta ez dakigu zergatik. Hori baloratu beharko genuke, prekarietatea sortzen baitu. Eta kontratazio baldintzak ere nolakoak diren, gardentasunez.

Kultura, osasuna, hezkuntza, zaborra... horretan ere udalak badu zer esan.

Zeren esku dago udal hauteskundetara aurkeztea?

MG: Gure esku dago. Batzarrak erabakitzen duenaren arabera. 3 edo 4 hilabete eman ditugu eztabaida honekin. Ekintza politikoaren taldeak informazioa eman digu honi buruz erabakitzeko.

Baina egun ez dugu oraindik erabaki. Gogoak badaude baina ikusteke dago jendea prest dagoen eta baldintzak ematen diren.

KG: Eztabaida honek bat egin du beste eztabaida batzuekin. Ez dugu baztertu. Gure batzarretan izena eman duen edonork bozkatzeko gaitasuna dauka, bertaratuz edo modu telematikoaren bitartez, baina tresna horiek ez ditugu oraindik garatu. 

Gainera, ez dakigu oraindik zein izango den gure izaera: alderdiaren ordezkaritza, elkartea...

Erabaki horiek guztiak hartutakoan galdetuko diegu kideei zeintzuk diren arriskuak eta zenbat pertsona dauden prest. Ez gara alderdi arrunta. denbora gehiago behar dugu baina erabakia guztiona izan behar du.

Ez bada hori erabakitzen beste modu batean egingo dugu udal politika.

Laster erabakiko dugu.

Oraindik ikusi behar dugu adibidez, Amurrioko baten bat Euskadiko Kontseiluan egongo den.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide