"Zinemazale euskaldunen ohiturak aldatu nahi ditugu"

Txabi Alvarado Bañares 2016ko abe. 5a, 14:05

“Zinema Uneak” egitasmoa jarri du martxan LANDER ARTEAGAk (Amurrio, 1978), beste hiru lagunekin batera. Zinemari buruzko euskara hutsezko web-gunea sortzea dute helburu. Crowfunding kanpaina abiatu dute, eta lortu dute dagoeneko behar zuten dirua. Atzo (igandea) aurkeztu zuten egitasmoa Durangoko Azokan.

“Zinema Uneak” egitasmoa jarri du martxan LANDER ARTEAGAk (Amurrio, 1978), beste hiru lagunekin batera. Zinemari buruzko euskara hutsezko web-gunea sortzea dute helburu. Crowfunding kanpaina abiatu dute, eta lortu dute dagoeneko behar zuten dirua. Atzo (igandea) aurkeztu zuten egitasmoa Durangoko Azokan.

Bere garaian izan zenuen Aiaraldea Irratian “Zinema uneak” izeneko saio bat. Nondik sortu zen euskara hutsezko ataria sortzearen ideia?

Proiektu honen hazia Madrilen ikasten nengoenean sortu zen. Saio bat egin nuen unibertsitateko irratian, “Momentos de cine” izenarekin. Euskal Herrira itzultzean saio hura “Zinema uneak” bilakatu zen Aiaraldea Irratian. Baina beti izan dut hor web-atari bat sortzeko nahia.

Euskararen munduan bada jorratu gabeko alor bat. Badago Zinea.eus web-gunea, baina bertan jasotzen dena Euskal Herrian ekoiztutako filmeei buruzko informazioa da gehienbat. “Zinema Uneak”en asmoa da mundu osoko zinemaren berri ematea, zinema komertzialari buruzkoa. Astero zinema aretoetan ematen dituzten filmeen inguruko informazioa, Marveletik Star Wars-era eta Spielbergetik Scorccesera.

Ideia hori pixkanaka garatzen joan ginen. Ideia pilo nituen buruan, eta EHUko Multimedia eta Komunikazio Masterrean proiektu hau landu nuen azken lan gisa.

Martxan duzue jada web-gunea.

Orain duguna blog bat da, egunero edukiz hornitzen duguna. Hainbat eduki sortzen ari gara: albisteak, euskaraz azpi-titulatutako trailerrak, kritikak, erreportajeak... baina behin betiko web-gunea abenduaren 15ean estreinatuko dugu. Codesyntax informatika enpresa ari da gure web-gunea garatzen. Zinemauneak.com atarian orain ikusi daitekeena egongo denaren aurrerapen bat baino ez da, crowfunding kanpaina hasi dugun honetan jendeak ikusi dezan zer motatako proiektua egin nahi dugun.

 

“Britainia Handiko Empire, Estatu Batuetako Variety edo The Hollywood Reporter edota Espainiako Fotogramas, El séptimo arte edo Cinemania aldizkarien ildoko komunikabide bat eratu nahi dugu"

 

Atariaren behin-betiko helbidea Zinemauneak.eus izango da, eta abenduaren 15etik aurrera egongo da martxan. Egun hori hautatu dugu ataria aurkezteko 16an Star Wars-en unibertsoaren pelikula berria estreinatuko delako, momentu garrantzitsu bat gure ildoko komunikabide batentzat.

Web-atariaren garapen gastuetara bideratuko duzue crowfunding kanpainan lortutako dirua?

Bai. 2.016 euro eskatu ditugu kopuru minimo gisa, aurtengo urtea delako 2016 (barreak). Diru horrekin web-gunearen hostinga eta informatika eta ikus-entzunezko materialen erosketa ahalbidetu ko dugu. Ez dugu aurreikusten bertan lanean ari garenok soldata edo diru-sarrerarik izatea, irabazi gabeko proiektu bat da momentuz.

Nortzuk osatzen duzue orain lan-taldea?

Lau lagun gaude momentuz, baina badugu proiektua pixkanaka zabaltzeko asmoa. Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jaso genuen udan, eta horrek derrigortu egin gaitu proiektua urtea amaitu baino lehen martxan izatera. Denboraz larri gabiltza, zortzi hilabeteko garapen bat izan behar zena hiru-lau hilabetetan egiten ari garelako. Hori dela eta, apur bat etenda daukagu kolaboratzaile gehiagoren bilaketa. Baina hori da asmoa.

 

“Diru bila gauden bezala kolaboratzaileen bila ere bagaude, eta guregana zuzentzen den edonork topatuko ditu parez pare zabalik proietuaren leiho eta ateak”

 

Madrilen eta Bartzelonan izan nahi ditugu kolaboratzaileak, bi hiri horietan ematen baitira prentsari zuzendutako aurre-estreinaldi gehienak.

Zer nolakoa izango da abenduaren 15etik aurrerako ataria?

Hainbat atal egongo dira. Albisteak egongo dira, grabatzen ari diren edo estreinatuko diren filmeei buruzkoak. Ostiralero zinema aretoetan estreinatzen diren filmeen gida izango dugu baita. Fitxa bat sortuko dugu estreinatzen den pelikula bakoitzeko, zeinetan kartela, kritika edota trailerra topatu ahalko diren. Helburua da jendea zinemara joan aurretik pelikula bakoitzetik ahalik eta informazio gehien jaso ahal izatea, euskaraz. Euskarak intereneten duen hutsune txiki hau bete nahi dugu. Erreportaje bereziak ere prestatu nahi ditugu: bitxikeriei buruzkoak, aktoreen ibilbideen ingurukoak...

Guretzat garratzi berezia dute ikusentzunezkoek. “Zinema Uneak” proiektuaren gakoetako bat da trailerrak euskarazko azpitituluekin eskaintzea, ingelesez ateratzen diren une berean euskaratu eta gure bisitarien esku utzita. Soinu bandei buruzko atal bat ere izango dugu.

Zinemaren inguruko atari bat izango da, baina baita telesailei buruzkoa ere. Gaur egun telesail garrantzitsu asko ekoizten dira, eta horiek ere euren lekutxoa izango dute gurean.

Zinemazale euskaldun asko daudela uste duzue?

Ez dugu aurreikuspenik egin. Orain arte jorratu gabeko alor bat lantzen ari garenez ohitura aldaketa baten menpe daude. Gaur egun jendeak edozein hizkuntzatan kontsumitzen ditu ikusentzunezkoak. Zineman gehienbat erderaz ikusten ditugu filmak, baina gero informatzerako orduan edozein hizkuntzatan jasotzen ditugu albisteak.

 

“Ohitura aldaketa bat bultzatu nahi dugu guk. Informazio berdina euskaraz irakurtzea bultzatu nahi dugu”

 

Horixe bera bilatzen dugu euskaratutako trailerrekin ere. Ez dugu uste aldaketa bat-batean emango denik. Epe luzerako apuztua da hauxe, zinemazaleak eta euskaldunak diren horien ohiturak aldatzera bideratutakoa.

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide