Omenaldia egingo dio Amurrioko Udalak Eli Pinedori datorren asteko astelehenean. Arratsaldeko 18:00etan izango da hitzordua, udaletxeko areto nagusian.
“Jardunbide profesional bikaina” edukitzeagatik eta “hiribilduaren enbaxadore” izateagatik egingo diote omenaldia eskubaloi jokalari ohiari.
“Arrakastez eta aitortzez beteriko karrera bikaina burutu du, Patri Pinedo ahizparekin batera, eskubaloi profesionalean”. Duela hilabete batzuk erretiratu zen Pinedo, Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan aritu ostean.
Ikasleekin zita goizean
Astelehen goizean Amurrio Antzokian egongo da kirolaria, hitzaldia eskaintzen herriko ikastetxeetako hainbat ikasleri. Kirolari eta berdintasunari zein bere ibilbide profesionalari buruz mintzatuko da bertan.