Hezkuntza Sailak Zaraobe Institutuan egin nahi duen “kanpo ebaluazio diagnostikoak” badu data zehaztuta: maiatzaren 24an egingo dute, datorren asteazkenean. Jaurlaritzatik adierazi dute proba hori ez dela errebalida bat izango eta ez duela inolako eraginik izango emaitza akademikoetan. Baina hori hala ez dela salatu dute hezkuntza eragileek, eta azterketari planto egiteko deia zabaldu dute.
Planto egiteko deia
Eskualdeko mobilizazioa deitu du gaurko (maiatzak 18) Ikasle Abertzaleak erakundeak. 18:00etan izango da hitzordua Amurrioko Juan Urrutia plazan. Maiatzaren 24an ere mobilizatzeko asmoa dutela adierazi dute. “Oraindik ez dakigu zer ordutan egingo den azterketa Zaraoben, baina jakin bezain laster mobilizazioa deituko dugu, azterketari planto egiteko”.
Zaraobeko ikasleak ez dira proba horri aurre egiteko antolatzen ari diren bakarrak. Gasteizko zenbait ikastetxetan planto egin diote jada azterketari.