Zenbait ekimen prestatu du Amurrioko Udalak ekainaren 28an ospatuko den LGTBIen nazioarteko eguna dela eta. “Ostadar-bandera” bana jarriko dute udaletxean, kultur etxean eta liburutegian.
Bandera horren koloreekin margotuko dituzte baita Larrinaga kaleko bi banku. Ekainaren 28an egingo dute ekintza hori, 19:30ean.
“LGTBIei, Udal Arte Eskolakoei eta Otsemeak eta Aurreraka elkartekoei” luzatu diete bertan parte hartzeko gonbita. Ekitaldi irekia izango da, eta egun horretarako berariaz prestatutako adierazpen instituzionala irakurriko dute bertan.
Argazki erakusketa, ostegunetik igandera
Argazki erakusketa atondu du udalak, “LGTBIen giza eskubideei eta homofobiaren kontrako eta berdintasunaren aldeko ekimenei buruzkoa”.
Ekainaren 28tik 30era egongo da ikusgai. “Herritarrak sentikortzea” izango da esposizioaren helburua. “LGTBIak ikusgai egitea eta jendea heztea funtsezkoak dira bereizkeria ezabatzeko”, adierazi du Estibaliz Sasiain Berdintasun Saileko zinegotziak.