Zabalekon eta Lucas Reyn jolaslekuak sortzearen proposamena izan da bozkatuena eta aurten egikarituko da

Erredakzioa 2017ko uzt. 7a, 07:30

Aurten eraitsiko dute AEKren eraikin zaharra. / aiaraldea.eus

Argiteria eta irisgarritasuna hobetzeko obrak ere egingo dituzte.

Plazaratu berri dituzte AmurriokoEKIN prozesu parte hartzaileko behin betiko emaitzak. 710 herritarrek hartu  dute  parte prozesuaren azken faseko bozketan; hots, biztanleriaren % 8,15ak. 20 proiektu-proposamen igaro ziren azken txanpa horretara, eta horietatik hiru hautatu behar zituzten herritarrek, bakoitzari boto bana emanez.

Ondorengo proiektu-proposamena da boto gehien -328- jaso dituena: Zabaleko eta Lucas Rey ikastetxeetan jolaslekuak sortzea eta AEKren lehengo eraikina eraistea. Bigarren proposamen bozkatuena “Amurrioko argiteria hobetzean” datza eta “herriko oztopo arkitektonikoak kentzean”, aldiz, hirugarrena. Hiru egitasmo horiek dira egikarituko direnak, prozesu honetarako erreserbatutako 400.000 euroak baliatuta.

Proposamen bozkatuena aurten egingo da, 169.500 euroko aurrekontua baliatuta. Beste biak datorren urtean egingo dira, 200.000 eta 30.500 euroko diru-partidekin, hurrenez hurren.

Modu horretan emango zaio amaiera 2016ko azaroan abiarazitako prozesuari. Proiektu posibleak planteatzeko epea ireki zuten lehenbizi, eta hainbat dinamika eta prozesu baliatuta hautatu zituzten azken fasera igaro ziren hogei proiektuak.

Balorazio positiboa
Txerra Molinuevok positiboki baloratu du ekimena. “Lortutako emaitza garrantzitsua izan da, baina baita horra iristeko eginiko prozesua ere, kultura parte hartzaile bat sortzera bidean”. Alkateordeak nabarmendu du gainerako proposamenak ez direla ezerezean geratuko, udalak kontuan izango dituelako etorkizunean zer inbertsio egin zehazterako orduan. Aurrekontu parte hartzaileak sustatzen jarraitzeko asmoa adierazi du Molinuevok, baina azaldu du oraindik zehazteke dagoela prozesu berdina baliatu edo besteren bat planteatuko den.

EH Bilduko ordezkariek ere positiboki baloratu dute ekimena, eta aldarrikatu dute funtzionatzeko modu horretan sakondu beharra dagoela. “Diru kopuru txikia da prozesuan baliatu dena”, azaldu du Mariano Alava zinegotziak, “askoz diru kopuru handiagoak ebazten dira dekretu bidez, inolako kontrasterik egin gabe”.

PPko zinegotzia den Montse Canivek, bere aldetik, proiektuen egikaritzaren ordenagatik galdetu du, “egokiagoa” ikusten dutelako ikastetxeetako obrak klaserik ez dagoen garai batean egitea. Orden hori diru-laguntza batzuen arabera erabaki dela erantzun dio Molinuevok Alderdi Popularraren galdera horri. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide