Amurrioko Udalak jakinarazi du herriko hirigintzaren diagnostiko bat egingo duela, genero ikuspegia aintzat hartuta. “HAPOan -Hiri Antolamendurako Plan Orokorra- genero perspektiba txertatzea izango da helburua”, adierazi du Estibaliz Sasiain zinegotziak, eta gaineratu du herriko norbanako zein kolektiboengana zuzenduko direla aipatutako ikerketa egiteko. “Hirigintza-esparrua maskulinizatua da, eta garrantzitsua da parte hartzeko prozesu bat gauzatzea, Amurrioko emakumeek aukera izan dezaten adierazteko udal-planteamenduari buruz dituzten usteak, iritziak eta beharrizanak”.
Bi tailer egiteko asmoa dute. Batean garraioa izango dute hizpide, eta ekipamenduak eta “pertzibitutako segurtasuna”, aldiz, bigarrenean.
Aurten amaituko dute
Otsemeak emakume taldeak herriaren inguruan eginiko azterketa bat ere txertatuko dute diagnostikoan, Oihane Zulet berdintasun teknikariak aurreratu duenez.
Josune Irabien alkateak, bere aldetik, iragarri du “berehala” hasiko direla diagnostikoa osatzen, “aurten amaitzea baita asmoa”.